Jose Mari Elordi 'Elorrixa'-k mendiz mendiko 47 kilometroko erronka osatu du berriro
Ekainaren 16an osatu du azken balentria markina-xemeindarrak. Iaz bezala, Urregarai, Oiz, Urko eta Kalamua mendietatik igaro da Markina-Xemein abiapuntu eta helmuga izanda.
Joan den urtean egindako buelta bera errepikatu du Jose Mari Elordi Elorrixak. 47 bat kilometroko ibilbidea osatu du berriro ere, mendiz mendi. Ekainaren 16an bete zuen azken balentria. Iaz bezala, Markina-Xemeindik irten, Urregaraira heldu, eta Oiz, Urko eta Kalamua mendietatik igarota itzuli zen Markina-Xemeinera.
07:00etan irten zen Goiko Portaleko iturritik eta 15:50ean ailegatu zen berriro ere bertara, buelta osoa emanda. Aurten, Trabakura arteko tartea (Urregarai-Oiz) bakarrik egin du, eta gero Juanjo Elordi semeak lagundu dio Trabakua, Urkiola eta Isua arteko tartea egiten. Isua, Kalamura eta Markina-Xemeingo tartean, berriz, beste semea, Iñigo Elordi, izan du bidelagun.
Hanketako muskuluetan molesti apurren bat eduki dituela aitortu du ibiltari amorratuak, baina bestela, ondo ibili da. Datorren urtean 80 urte beteko ditu markina-xemeindarrak, eta aurreko urtean azaldu zuenez, buelta hori azken aldiz egitea dauka asmoa. Beraz, datorren urterako hobeto entrenatu beharko duela dio, buelta handiagoak eginez aurreko asteetan. “Hankak hobeto edukitzeko eta azken urtea izanik, ibilbidea ahalik eta ondoen amaitzeko”.