‘Kroniko parie’ kartelak irabazi du Markina-Xemeingo Karmen jaietako lehiaketa
Igor Azpiri Garate eta Sonia Garcia Fuentesen lana izan da irabazlea 16 urtetik gorakoen kategorian. Ariane Sololuze Salaberriak eraman du 16 urtetik beherakoen kategoriako saria.
Karmen jaietako kartel lehiaketako sariak banatu ditu gaur [uztailak 2], Markina-Xemeingo Udalak. 16 urtetik gorakoen kategorian, Igor Azpiri Garate eta Sonia Garcia Fuentesen Kroniko parie izeneko kartela izan da lan irabazlea, eta jaietako egitarauaren azala izateaz gainera 150 euroko saria ere jaso dute egileek. 16 urtetik beherakoen kategoriako saria, berriz, Ariane Sololuze Salaberriak eraman du. Jaiak gozatu izenagaz aurkeztu duen lana saritu diote. Hori dela eta, 150 euroko saria jaso du Salaberriak, eta bere kartela jaietako egitarauaren kontrazalean agertzen da.
Azaldu dutenez, saritu dituzten lan bietan irudien indarra, kolorea, sormena, originaltasuna eta Karmen jaiekiko duten lotura baloratu ditu epaimahaiak.
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatearen eskutik jaso dituzte sariak irabazleek. Alkateak, udalaren izenean eskerrik beroenak eman dizkie irabazleei eta lehiaketan parte hartu duten guztiei.
Egitaraua banatzen. Saritutako bi lan horiez gain, lehiaketara aurkeztu dituzten beste kartel batzuk ere ikusgai jarri dituzte egunotan etxez etxe banatzen ari diren Karmen jaietako egitarauan. Programagaz batera, jaietan lapurretak saihesteko informazio orria eta Hemen Be Bai elkartearen orri-markatzaile bat ere banatzen ari dira. Hori dela eta, Kristina Mesas ere egon da gaurko sari banaketan, Hemen Be Bai merkatari elkartearen ordezkari modura.
Udalak jakinarazi duenez, egunotan programa etxean jasotzen ez duenak udaletxean bertan jaso ahal izango du. Poltsikoko egitarauak ere banatuko dituzte herriko hainbat informazio puntutan eta komertziotan.