Markina-Xemeingo boluntario talde batek Artibai ibaiko plastiko hondakinak jaso ditu
Kafea hartzen zeudela, Artibai ibaian plastiko hondakinak ikusi eta horiek batzeko proposamena egin zuten. Esan eta egin. Ordu eta erdian hamabi poltsa bete zituzten.
Hondakinak ibaira ez botatzeko eta garbi jokatzeko mezua zabaldu du Markina-Xemeingo boluntario talde batek. Izan ere, Artibai ibaian plastiko hondakinak zeudela ikusita, horiek batzeko proposamena egin zuten. “Kafe hartzeko batzen gara, eta guri bururatu zitzaigun batzea”. Esan eta egin. Arratsaldean batu eta ordu eta erdian hamabi poltsa hondakin jaso zituzten.
Ituarteneko zubian hasi ziren hondakinak batzen, eta Atxondo kiroldegirainoko tartea garbitu zuten. Batez ere, gozoki poltsak, lataren bat edo beste eta poliespan materialeko hondakinak jaso zituztela diote. “Herritarrei esan nahi diegu garbi jokatzeko eta hondakinak ibaira ez botatzeko!”.