Kontzertu berezia eskainiko du Emeki Koralak Markina-Xemeingo Karmen jaietan
Karmengo elizan abestuko dute eguenean [uztailak 11], 22:00etan, eta errepertorioa askotariko kantekin osatu dutela aurreratu du Yolanda Loira Emeki Koraleko zuzendariak
Urtero modura, Karmen jaietako egitarauaren barruan, kontzertu berezia eskainiko du Emeki Koralak. Koreografiaz eta musikagaz lagundutako ikuskizuna prestatu dute, publiko guztientzako.
Karmengo elizan abestuko dute eguenean [uztailak 11], 22:00etan, eta errepertorioa askotariko kantekin osatu dutela aurreratu du Yolanda Loira Emeki Koraleko zuzendariak. Horrela, euskal kantak eta erbestekoak ere entzun ahalko dira emanaldian, Israelgo abesti bat edota ingeleseko beste batzuk esaterako. «Kontzertu bizi eta alaia izango da», aurreratu du Loirak.
Emeki Koraleko 17 partaideak musikari bigaz lagunduta egongo dira. Aspaldiko bidelagun duten Antton Sarasuak lagunduko die pianoan, alde batetik, eta Imanol Arizmendiarrieta markina-xemeindarrak ere parte hartuko du kanta batzuetan perkusioa jota.
Hamargarrena. Emeki Koralak Karmen jaien baitan abesten duen hamargarren aldia izango da aurtengoa. 2008an sortu zuten korala, eta 2009ko uztailean eman zuten Karmenetako lehen kontzertua. Ordutik taldean aldaketak eman direla gogoratu du hasieratik taldearen gidaritzan diharduen Yolanda Loirak. Hala ere, hasierako ilusioa eta gogoa bizi bizirik mantentzen dituzte.
«Urte guzti hauetan jende bat joan eta berria sartu zaigu, eta hamar lagun izatetik hamazazpi izatera igaro gara». Izan ere, talde irekia direla dio, eta ez dela partiturarik irakurten jakin behar parte hartzeko. Betebehar bakarrak abestea gustatzea, taldean lan egiteko konpromisoa izatea eta kantatzen disfrutatzea direla azpimarratu du. Kantatzen disfrutatu eta disfrutatu arazteko helburu horrekin agertuko dira eguenean ere jendaurrera.