Adin guztientzako probak dakartza Lekeitiora Santa Katalina SUP Txallengeak
Open water, amateur eta txikien kategoriako norgehiagokak antolatu ditu Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteak. Zapatuan lehiatuko da txallengea Lekeitioko uretan.
Santa Katalina SUP Txallengea lehiatuko dute zapatuan [uztailak 13], Lekeitioko uretan. Open water, amateur eta txikien kategoriako probak antolatu ditu Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteak. Mundu guztiari irekitako uretako jai handia izango da; 13:00etan hasiko da lehen proba.
Aure Medina probaren antolatzaileak jakitera eman duenez Open Water kategoriakoak izango dira uretaratzen lehenengoak. Proba nagusia 10 bat kilometrotako norgehiagoka izango da. Parte hartzaileak Isuntza hondartzatik irtengo dira eta Santa Katalina faroa, Ispasterko Ogella hondartza eta Mendexako Endai arteko ibilbidea osatu beharko dute Lekeitiora itzuli eta Mareaerrotatik joan etorria eginda helmugaratzeko. Lehia 16 urtetik gorako federatuei zuzenduta dago, eta 14 eta 12,6 neurritako tablak erabili ahalko dituzte.
“Amateur eta txikien probak eremu seguruan izango dira, eta era guztietako taulak erabili ahalko dituzte”, zehaztu du Medinak. Kategoria bi horietako partaideak ere Isuntzatin irtengo dira. Amateur kategoriakoak 13:30ean hasiko dute norgehiagoka. “6 kilometroko distantzia osatu beharko dute Marierrotatik abiatuta”. Txikien kasuan, osatu beharreko distantzia kilometro batekoa izango da. “Buia batera joan-etorria egin beharko dute”. Maila horretan 12 urtetik beherakoak parte hartuko dute. Txikiek 14:30ean hasiko dute ibilbidea.
Sariak Talan dagoen Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkartean banatuko dituzte 15:30ean. Iazko SUP Txallengean Txema Landa gizonezkoetan eta June Ormaetxe emakumezkoetan izan ziren irabazleak. Gadea Ibarloza ondarrutarrak hirugarren postua lortu zuen amateur kategorian.
Txallengean parte hartzeko izena bertan egunean eman daiteke, edo aldez aurretik, Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkartearen webgunean.