Markina-Xemeingo Master Seriesaren finalaurrekoak, jokora
Arbe-Lekerika eta Erik-Irastorza neurtuko dira domekako lehen finalaurrekoan eta Hormaetxea-Aimar eta Goikoetxea-Aldazabal bigarrenean.
Arbe-Lekerika eta Hormaetxea-Aimar bikoteek lortu zuten finalaurrekoetarako pasea joan den zapatuan [uztailak 6] Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean hasi zuten Jai Alai World Tourreko Markina-Xemeingo Master Series txapelketan. Hori dela eta, alde batetik, Arbe-Lekerika eta Erik-Irastorza aurkituko dira aurrez aurre domekan [uztailak 14] jokatuko diren finalaurrekoetan. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Hormaetxea-Aimar eta Goikoetxea-Aldazabal izango da. Irabazleak Karmen Eguneko finalean egongo dira.
Ikuskizun bikaina eskainiz hasi zen Markina-Xemeingo Master Seriesa. Jokin Arbe aurrelari markina-xemeindarrak partida handia jokatu zuen, bizkor eta ausardiagaz mugitu zen kantxan. Lekerika ere ondo aritu zen, eta bikotea nagusi izan zen set bietan, 9-15 eta 12-15 irabaziz.
Bigarren partiduan, min hartuta dagoen Olharan ordezkatu zuen Laduchek. Laduche eta Inza lehen seta irabaztear egon ziren, baina Alex Hormaetxea eta Aimar Aldazabal behetik gora etorri ziren seta irabaztea lortuz. Bigarren setean errazago aritu ziren oraindik, eta 15-9 irabazi zuten, finalaurrekoetarako pasea eskuratuz.
18:00etan hasiko da domekako norgehiagoka, eta ordu berdinean jokatuko da bai eta ere Karmen Egunekoa.