Abiadura bizian datoz Etxebarriko santixauak
Kirol jarduerekin abiaraziko dituzte santixauak etxebarritarrek. Guztira, zortzi egunerako egitarau oparoa prestatu dute. Uga eta Zixu pertsonaiek botako dute jaien hasierako txupina.
Txupinazoa eguaztenean izango bada ere, asteburuan hasiko dira santixauak ospatzen Etxebarrian. Iazko modura, Santiago Eguna eguenean jausi denez, egun asko hartuko dituzte jaiek; asteburuan hasi eta uztailaren 28ra arteko egitaraua osatu dute, herritarrek gustuko dituzten ekimenak mantenduz eta berriak gehituta.
Kirol jarduerekin estreinatuko dute aurtengo jaietako egitaraua. Txik Txak Kirol Elkarteak antolatuta, herri krosak zeharkatuko ditu lehenengoz herriko kaleak. Lehiaketa baino, lagunartean edota familian kirola egiteko aukera paregabea izango da.
Domekan [uztailak 21], berriz, kadeteen mailako txirrindulari lasterketa lehiatuko da, Etxebarriko III. Sari Nagusia. Etxebarritik irten, eta Markina-Xemein, Berriatua, Ondarroa, Lekeitio, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Ziortza-Bolibar, Markina-Xemein eta Etxebarria arteko bidea egingo dute Amets Txurruka Lagunartiek, Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartearen eta Etxebarriko Udalaren laguntzagaz antolatutako lasterketan parte hartuko duten txirrindulariek. 57 kilometro egingo dituzte.
Horiez gain, martitzenean eta Santixau Egunean egongo diren esku pilota eta zesta-punta partiduek eta Nagusien Eguneko herri kirol saioak osatuko dute jaietako kirol eskaintza.
Jaietako pertsonai berriak izango dira aurten pregoiaren eta txupinaren arduradun. Herriko talde baten proposamena jasota, Uga eta Zixu jaitsiko dira herrira jaiak elkarregaz igarotzeko asmoz. Urte osoan banatuta eta haserre bizi diren ugaraxo biak urtean behin batu eta jaiak bakean igarotzea erabaki dute. Errekan behera jaitsiko dira santixauei hasiera emateko, eta herritarrekin batera egongo dira, kanpandorretik festak zaintzen. Jaiak amaitutakoan, mendira igoko dira berriro ere, herritarrak hurrengo urtera arte agurtu ondoren.
Jaien hasieragaz batera zeharkatuko du herria Guraso Elkarteak antolatzen duen danborradak. Ia 100 laguneko taldea batuko da, herri osora danbor hotsak zabaltzeko. Bestalde, Tio Teronen semeak taldeak egingo du dantzan aurtengo Santixau Egunean. Dantzarako pasioak eta umore onak batu dituen dantzariez osatutako taldeak doinu ezagunez jositako ikuskizuna eskainiko du.
Uztailaren 26a Umeen Eguna izango da, eta haur parkeagaz gainera, hirugarren Gazte Chef lehiaketa edukiko dute. Gehienez lau lagunez osatutako taldeetako gazteek patata tortilla bana prestatu beharko dute zeinek baino zeinek hobeto.
Etxebarriko Gazte Asanbladaren eskutik dator, urtero modura, herri afaria, eta gauean kontzertuak egongo dira.
Azken egun bietan, berriz, kuadrillek eta jubilatuek hartuko dute protagonismoa; paella jan herrikoian eta jubilatuen bazkarian elkartuko dira. Herriko 90 eta 91 urteko nagusiei omenaldia ere egingo diete aurten.
Etxebarriko I. Herri Krosa. Hiru distantziako ibilbideak izango ditu aukeran Txik-Txak Kirol Elkarteak antolatuta zapatuan [uztailak 20] egingo den herri krosak: 100 metro, 1.200 metro eta 6.000 metro. Horrela, ez adina ez eta sasoian ez egotea ez dira aitzakia izango ez parte hartzeko. 11:00etan hasiko dira krosak. 100 metrokoa egingo da lehenengo, ibilbide ertaina gero, eta ondoren, luzea, batetik bestera ordu erdiko tartea utzita. Olaia atzean egingo da ekitaldia, eta ibilbideak bide gorriaren inguruan izango dira. Izen ematea dohain izango da, eta herriko tabernetan edota Kirolprobak webgunean egin ahalko da.
Hamaiketakoa eta opariak ere prest dituzte antolatzaileek, baina, azaldu dutenez, aurrez izena ematen ez dutenentzat ezin izango dute oparirik edukitzea bermatu.
Probaren ondoren, dutxatzeko aukera ere edukiko dute parte hartzaileek.