VIII. Nanoipuin Lehiaketa abiarazi du Ondarroako Udalak
Lehiaketara edozein aurkeztu ahal da, ez dago adin mugarik. Lanak urriaren 15erako aurkeztu behar dira.
Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak antolatu du lehiaketa, zortzigarrenez. Azken urteetan legez, nanoipuinek gehienez ere 140 karaktere (espazioak barne) eduki ahal dituzte, eta gaia librea da. Zehaztu dutenez, parte hartzaile bakoitzak bi nanoipuin aurkeztu ahalko ditu. «Hori bai, biak bidalketa bakar batean bidali behar dira». Lanak ondoko posta elektronikora bidali behar dira: mrey@ondarroa.eus.
Lanak ezizen batez sinatu behar dira, baina bidaltzerakoan datu pertsonalak ere zehaztu egin beharko dira, atxikitutako dokumentu batean: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta telefono zenbakia.
Lehiaketan edozeinek parte hartu ahal du, ondarrutarra izan edo ez. Horrez gain, ez dagoela adin mugarik esan dute.
Epaimahaia eta sariak. Epaimahaia Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrek osatuko dutela zehaztu dute. «Beraiek izango dira kontakizunik landuenak eta balio literario handiena dutenak aukeratuko dituztenak».
Guztira hiru sari banatuko dituztela eta erreklamatzeko aukerarik ez dela egongo gaineratu dute.
Lanik onenak 400 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren onenek 200 eta 100 euro, hurrenez hurren.
Lan irabazleak zeintzuk izan diran azaroko lehen astean esango dute, Literatur Amuak jardunaldietan. «Saridunen izenak jakitera eman eta gero, Ondarroako Udalaren webgunean argitaratuko dira».
Literaturzaletasuna bultzatze aldera, Ondarroako udal ordezkariek bateko eta besteko herritarrak nanoipuinak idaztera eta lehiaketan parte hartzera animatu dituzte.