Jone Talledo Etxebarriak irabazi du Ondarroako Andra Mari jaietako kartel lehiaketa
Gazte ondarrutarrak Atako Bandari garrantzia eman nahi izan dio. Kartela egiteko bere argazkilaritza ikasketak baliatu dituela azaldu du.
Jone Talledo Etxebarria gazte ondarrutarrak irabazi du Ondarroako Andra Mari jaietako kartel lehiaketa. Ohitxura zaharrak galdu baik… Atako Bandan! izenburua dauka kartelak, eta hori izango da jaietan programaren azalean agertuko dena. Leokadi jaietako pertsonaiaren irudia albo batera laga eta jaietako beste gai garrantzitsu bat nabarmendu du Talledok kartelean: Atako Banda.
“Gehienetan Leokadi agertzen da jaietako programaren azalean, eta nik beste gai bati eman nahi izan diot garrantzia”, zehaztu du saria hartzerakoan. Talledok 500 euro irabazi ditu, eta kartela egiteko bere argazkilaritza ikasketak baliatu dituela esan du. “Atako Banda egiten ari zirela nik ateratako argazki bat oinarri hartuta egin dut kartela”. Gaineratu duenez, azkenaldian betiko dantzak indarra galtzen ari dira, eta herrian Atako Bandak daukan garrantzia ikusita, herriko kultura nabarmendu nahi izan du.
Jaietako programa abuztuko lehen egunetan iritsiko da ondarrutarren etxeetara. Horrez gain, udalaren zerbitzuen bulegoetan ere eskuragarri egongo dela esan dute udal ordezkariek.