Mutilen Xistera Zirkuituko partiduak jokatuko dituzte Markina-Xemeinen eta Berriatuan
Lehen, bigarren, hirugarren eta kadeteen mailetako kinielak jokatuko dira. Elorrioren omenezko finalak jokatuko dituzte zapatuan Markina-Xemeinen. Sarrera doan izango da.
Mutilen Xistera Zirkuituko partiduak jokatuko dituzte asteburuan Markina-Xemeingo Unian eta Berriatuko Mendibarren frontoian. Gaur [uztailak 19], 18:00etatik aurrera, lehen eta bigarren mailako kinielak jokatuko dira Unian. Bigarren mailakoak hasiko dira, ondoren maila nagusikoekin jarraitzeko. 15 tantotako bina kiniela jokatuko dira maila bakoitzean.
Xisterako Mutilen Zirkuituak Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jarraituko du zapatuan [uztailak 20]. Hirugarren eta kadete mailakoek jakatuko dute. Azken horiek ekingo diote jardunaldiari, 14.30tan, eta hirugarren mailakoek jarraituko dute, 16.00etan. Kadeteek 15 tantotara bi kiniela jokatuko dituzte, eta hirugarren mailakoek, berriz, bost kiniela jokatuko dituzte, 10 tantotara.
Berriatuako Mendibarren pilotalekuan emango diote amaiera asteburuko jardunari domekan [uztailak 21], 11:00etan. Lehen eta Bigarren mailako kiniela bi jokatuko dira maila bakoitzean, eta 15 tantora. Mutilen hiru maila nagusietan bigarren faseko bigarren eta hirugarren jardunaldiak jokatuko dira, eta kadeteen kasuan, berriz, euren bigarren jardunaldia izango da.
Elorrioren omenezko finalak. Zapatuan [uztailak 20], gainera, Victor Bereikua Elorrioren Oroimenezko finalak jokatuko dira 19.00etan, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean. Gazte mailan, Arakistain eta Oier, Zelaiaren eta Basterretxearen aurka neurtuko dira; bigarren Mailan, Aaron eta Atain II.a arituko dira, Alex Goitiandiaren eta Danel Mandiolaren aurka, eta maila nagusian, berriz, Hormatxea eta Ibarluzea, Cosmeren eta Manziren kontra. Hormaetxearekin batera, Etxebarrietak jokatu behar zuen finala, baina azken hori, une honetan Ameriketako Estatu Batuetan dagoela jakinarazi dute, eta bere ordez Ibarluzea arituko da. Sarrera doan izango da.