I. Uribarren Abaroa Sari Nagusia estropada jokatuko dute Lekeition
Emakumeen ETE Ligako 8. proba puntuagarria izango da egueneko norgehiagoka, eta gizonezkoen KAE1 ligako 9. estropada puntuagarria. 11:30ean hasiko da emakumeen proba eta 12:30ean, gizonezkoena.
I. Uribarren Abaroa Sari Nagusia estropada lehiatuko da eguenean [uztailak 25] Lekeitioko uretan. Uribarren Abaroa Fundazioaren 150. urteurrena dela eta antolatu du bandera Isuntza Arraun Elkarteak. Hori dela eta, Uribarren Abaroa egoitza aukeratu dute bandera aurkezteko, eta atzo [uztailak 26] arratsaldean eman zituzten lehiaren nondik norakoak. Emakumeen ETE Ligako 8. proba puntuagarria izango da, eta gizonezkoen KAE1 ligako 9. estropada puntuagarria.
11:30ean hasita, lehenik eta behin, emakumeen bandera egongo da jokoan. 11 traineruk lehiatuko dute, hiru tandatan banatuta. Bi luze eta ziaboga bat izango dituzte aurretik parte hartzaileek; 2.778 metroko ibilbidea. Lehenengo txandan Hercos Colindres, Lapurdi eta Ondarroa aterako dira; bigarrenean San Juan, Hernani, Isuntza eta Kaiku, eta hirugarrenean Tolosaldea, Deusto, Hibaika eta Zumaia. Estropada eremua ohikoa izango dela azaldu dute.
Gizonezkoen estropada 12:30ean hasiko da. Lau luze eta hiru ziaboga izango ditu probak, 5.556 metroko luzera, guztira. 12 traineruk parte hartuko dute, hiru tandatan banatuta. Lehenengo tandan Lapurdi, Hibaika, IRC Santoña eta Zumaia aterako dira; bigarrenean Camargo, Pedreña, Arkote eta San Juan, eta hirugarren tandan Getaria, Donostiarra B, Deusto-Bilbao eta Zarautz.
Sariak hurrengoak izango dira:
1. 2.015 euro eta bandera
2. 1.755 euro
3. 1.495 euro
4. 1.235 euro
5. 1.105 euro
6. 975 euro
7. 845 euro
8. 780 euro
9. 747 euro
10. 715 euro
11. 683 euro
12. 650 euro