Emakumeak, euskara eta nazioarteko ahotsak, V. Marabilli Sormen Festibalaren oinarri
Urriaren 3tik 6ra bitartean ospatuko da Ondarroan bi urterik behin ospatzen den jaialdia. Sarrerak barikutik [irailak 13] aurrera egongo dira salgai.
Esku bete urte beteko ditu aurten Ondarroan bi urterik behin ospatzen den eta Aitzol Aramaio zinegile ondarrutarraren omenez jaio zen Marabilli Sormen Festibalak. Aurrekoetan egin legez, oraingoan ere jaialdiak sormenagaz gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei, eta, aldi berean, sormena bera ere bultzatuko du. Jaialdia antolatzen duen Manuelistak kultur elkarteak zehaztu duenez, aurten emakumeak, euskara eta nazioarteko ahotsak izango dira protagonista nagusiak.
Aurten ere Marabillik sormen prozesuaren atzean dagoen lan guztia erakutsi, gogoetarako aukera eman, inspirazio iturriak mahairatu, eta beste horrenbeste eskainiko du. “Marabilli ez zen jaio horma bat jartzeko sortzaile eta hartzaileen artean. Marabilli ez da soilik entretenitzeko jaio zen jaialdi bat. Marabillik puskatu egin nahi du sortzaile eta hartzaileen arteko muga. Marabillin denok gara sortzaile eta hartzaile aldi berean”. Parte hartzea bultzatu eta desberdinen arteko elkarrizketak sustatzea izango da jaialdiaren asmoa.
Marabilli eguen baten [urriak 3] hasiko da, jaialdiaren ezaugarrietako bat bihurtu den 10 minutu saioagaz. Ekintza horretan ondokoek parte hartuko dute: Leire Bilbao, Aizpea Goenaga, La Pulga (Askoa Etxebarrieta), Alaia Martin eta Aurori Badiola (IƱaki Maruri aktore ondarrutarraren pertsonaia bat). Horiek guztiek sormen prozesuaren poz eta nekeez mintzatuko dira, bakoitzak bere erara. Ostean, II. Euskal Herriko Sormen Saria emango dute. Eta jarraian Xabi Bandiniren emanaldia egongo da. “Primerako hasiera munduan bakarra den jaialdi txiki honentzat”.
Lehenengo egun horretatik abiatuta, hurrengo egunak ere ekintzaz beteko ditu jaialdiak. Musika alorrean, bertoko zein kanpoko taldeak egongo dira: The Baboon Show, Liher, Depedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie, 90eko hamarkadako euskarara soinu berritzaileak ekarri zituen Hazurbaltzak talde ondarrutarra… Literaturan Manuel Vilas Aragoiko idazle entzutetsua eta Leire Bilbao ondarrutarra egongo dira. Eta antzerkian Lekittoko Deabruen sua eta Zer duzu Amy? obra. “Marabillik baina, zinema du bihotza eta horregatik puntako euskarazko zinema izango dugu ikusgai: Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste!, Koldo Almandozen Oreina, Esnalen Dantza eta Oier Arantzabalen Margolaria“. Horrez gain, David Truebak masterclass-a emango du, eta bere sekuentzia kuttunak azalduko ditu jendaurrean.
Kaleko giroa ere ez dela faltako esan dute. Hala, Marabillik Ondarroako hainbat txoko zipriztinduko ditu: Gaztetxea, Portuko Ranpa, Barnetegixe… Horietan guztietan Off-Marabilli izenpean egingo dira ekintzak.
Hasierako izaerari eutsita, denaren gainetik Marabilli Sormen Festibala aurten ere zoro, bizia eta bihurria izango dela esan dute. “Irudimenaren mundua hankaz gora jarri nahi duzuenok zatozte urriaren 3tik 6ra Ondarroara!”.
Sarrerak salgai. Barikutik aurrera [irailak 13] egongo dira salgai sarrerak. Goiko Zinean egingo diren Argoitia Matinee saioetako sarrerak ezik, beste guztiak Zurrumurru liburu dendan erosi ahalko dira. Beikozinin, ostera, han egingo diren ekintzetakoak egongo dira; Beikozineko ekintzen sarrerak Internetez ere erosi ahalko dira. Argoitia Matinee saioetako [urriak 5 eta 6] sarrerak Goiko Zineko leihatilan salduko dituzte, ekintza hasi aurretik.