Eskualdeko metalgintzako beharginek Markina-Xemeinen ere egin dute protesta
Elkarretaratzean batu ziren Arkupean. Bost egunetako grebaren azkena dute gaurkoa.
Lea-Artibai eta Mutrikuko metal sektoreko beharginak Markina-Xemeinen batu ziren atzo [urriak3] bertoko beharginei ere eragiten dien gatazka bistaratzeko. Horrela, Arkupean elkarretaratzea eginda, alde zaharreko kaleetara eraman zuten protesta, kalejiran.
Hainbat mobilizazioez gain, guztira hamar egun egin dituzte greban Bizkaiko metalgintzako beharginak, lan itun “duin” bat lortzeko borrokan. Bost egunez utzi zioten lan egiteari udaberrian –egun bat maiatzean eta beste lau ekainean–, eta bost egunetako greba daramate aste honetan. Gaur izango dute azken eguna, baina FVEM patronalarekin akordiorik sinatzea lortzen ez bada etengabeko grebari ekitea ere aurreikusten dutela esan zuten.
Hamazortzi hilabete pasatu dira negoziazioak hasi zituztenetik, baina ez dute akordurik lortu. Enpresarien federazioak astelehenean jarri zuen mahai gainean bere azken proposamena, baina sindikatuen ustez, “oso urrun” dago euren eskaeretatik. Besteak beste, eros ahalmena berreskuratu nahi dute sindikatuek, subrogazioa bermatu, behin-behinekotasun tasa handia amaitu, gizonen eta andreen arteko berdintasuna lortzeko neurriak ezarri eta lan segurtasunean pausoak eman.
Borrokarekin jarraituz, manifestazio bi egiten ari dira gaur [urriak 4], Bilbon metalgintzako beharginak.