Hamar taldetan banatuta, 46 herritarrek parte hartuko dute 15. Kameratoian
Parte hartzaileek zapatuan eta domekan egin ahalko dituzte grabaketak. Lanak domekan 12:00etarako aurkeztu beharko dira, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten Kameratoia euskal ikus-entzunezkoen rallya egingo da asteburuan Lekeition. Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko aukera eguaztenean [urriak 23] amaitu zen. Hala, antolatzaileei iragarri dute aurten 46 herritarrek parte hartuko dutela lehiaketan; hamar taldetan banatuta ariko dira.
Gaia zein den barikuan [urriak 25] jakinaraziko zaie parte hartzaileei, posta elektroniko bidez. Zapatuan [urriak 26], ostera, film laburretan sartu beharreko ezaugarriak zehaztuko dizkiete. “Aurtengo berrikuntzetako bat hori da hain zuzen ere. Izan ere, lehen eskura ematen zitzaien gaia. Orain, aurretiaz posta elektronikoz bidalita, gaiaren inguruan hausnartzeko aukera daukate”. Hortik aurrera, parte hartzaileak grabaketak egiten hasiko dira. Hori bai, lan guztiak domekan [urriak 27] 12:00etarako Ikusgarri zinema aretoan aurkeztu beharko direla esan dute.
Sari banaketa ere domekan [urriak 27] egingo da, 17:00etan hasita, Ikusgarri zinema aretoan bertan. Zehaztu dutenez, lan sarituak aukeratzeko epaimahaia Yogurinha Borova musikariak eta Itziar Ituño aktoreak osatuko dute. Aurkezle lanetan, ostera, Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra ariko da.
Film labur onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du, eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira ikus-entzunezkoen zirkuitu biraren eta Durangoko Azokako Irudienea guneko ikus-entzunezkoen final handian (DemaSA) parte hartuko du. Bigarren film labur onena 600 eurogaz sarituko dute, eta DemaSA lehiaketan parte hartuko du. Publikoaren Saria ere egongo da, eta hori ikusleen esku egongo da.