Peru Abarka album lehiaketako lan berria aurkeztuko dute
Bihar [urriak 31] aurkeztuko dute lana udaletxeko osoko bilkura aretoan. Aurkezpenaren ostean, liburu sinaketa eta kopaua egongo dira.
Bihar [urriak 31] 20:00etan aurkeztuko dute udaletxeko osoko bilkura aretoan XIV. Peru Abarka Album Lehiaketaren lan irabazlea. Karmele Mitxelenaren testuak eta Irrimarra-ren ilustrazioek osatzen dute Erakusleihoan album ilustratua.
Aurkezpenean Karmele Mitxelena idazleak eta Irene Gutierrez eta Karmele Gorroño ilustratzaileek parte hartuko dute. Eurekin batera egongo dira Idoia Arrieta Markina-Xemeingo Udaleko euskara zinegotzia eta epaimahai lanetan parte hartu duten Mari Eli Ituarte Peru Abarka album lehiaketako antolatzailea eta Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editorea.
Azken biez gain, Patxi Zubizarretak osatu du aurtengo lehiaketako epaimahaia, eta idazkari lanetan Igor Idoeta Markina-Xemeingo Herri Bibliotekako arduraduna aritu da. Epaimahaikideen esan dutenez egileak “harreman latz eta hotza” kontatzen du narrazio horretan, baina irakurlea harrapatu eta bereganatzea lortzen du, “hitz eta pasarte landuak eta dotoreak baititu”.
Albumak hurrengo istorioa kontatzen du: “Amak halaxe nahita, saxofoia jotzen ikasi zuen semeak. Eskolatik bueltan, bere gelan sartu eta ez zion amak afal ordura arte deitzen. Aspertuta, leihotik begira ematen zituen orduak, eta iruditzen zitzaion begiratzen zituen leiho haien atzean bizi zen jendea bera baino zoriontsuagoa zela. Ordurako aita hila zen, eta bazekien amarentzat ez zela mu- sika garrantzitsua, baina lustrea ematen zion familiari…”
Aurkezpenaren ostean, liburu sinaketa eta kopaua egongo direla aurreratu du Markina-Xemeingo Udalak.