Errebala Txikiñe gaztelekua zabalduko dute berriro Ondarroan
Zapatuetan 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik; domeketako ordutegia erabiltzaileek eta hezitzaileek adostuko dute. Gazteek aisialdirako duten gune baten beharra asetuko duela esan dute.
Ondarroako Udalak Errebala Txikiñe gaztelekua zabalduko du berriro, Etxelilan. Zehaztu dutenez, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako gunea zapatutik aurrera [azaroak 9] egongo da berriro ere zabalik.
Gaztelekuak herriko gazteen topagune eta jolasleku izateko helburua duela diote. «Gazteek asteburuetan elkarren arteko harremanak sustatzeko, sendotzeko eta giro epel eta lasaian gozatzeko txokoa izango da».
Zapatuetan 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta domeketan ze ordutatik ze ordutara zabaldu begiraleek eta gazteek elkarrekin erabakiko dute, ikusten duten beharren arabera.
Aurten, begiraleak Nerea Romero eta Ane Badiola hezitzaileak izango dira. Eneritz Basurko Pagoaga Hezkuntza batzordeburua pozik agertu da Gaztelekuak beste urte betez ateak zabalduko dituelako: «Uste dugu herriko gazteek behar dutela aisialdiako gune bat, batez ere neguan, eta behar hori bete nahi da gaztelekuagaz».