Arantza Zulueta Picassentera urrundu dute
Urruntze horrek espetxe politikaren aldaketan atzerakada suposatzen duela salatu du Etxerat elkarteak. Barikuan lekualdatu zuten Zulueta.
Arantza Zuluetaren urrunketa salatu du Etxerat elkarteak, espetxe politikaren aldaketan “atzerakada” ematen dela azpimarratuz. “Bidegabeko erabaki honek arantza Zuluetaren senide eta gertukoen biziak arriskuan jartzen ditu, dispertsioa eta urrunketa jasatera kondenatuz”, adierazi dute. Barikuan [azaroak 8] lekualdatu zuten Zulueta. Zaballako espetxetik Picassentera (Valentzia, herrialde Katalanak) eramango dute, momentu honetan Soto del Realen (Madrilen) dago, Valentziarako bidean.
Joan den irailaren 30etik zegoen Zulueta Zaballako espetxean, Jon Enparantzarekin batera sartu zen bertan 11/13 sumarioan ezarritako zigorra betetzeko. “Enparantza Estremerara urrundu zuten urriaren amaieran, eta, orain, Zulueta ere Euskal Herritik urrundu dute”.
Espetxe politikaren aldaketan ematen ari den “atzerakadarekin” sentitu duen dezepzioa erakutsi du Etxeratek. “Euskal preso politikoen urrunketek duela urte eta erdi Espainiako presidenteak iragarri zuen salbuespenaren amaieratik urruntzen direlako, eta gainera, egoera larriagotzen da gaixotasun larriak dituzten presoen kasuetan, ez diete-eta baldintza duinetan tratamendua hartu ahal izateko askatasuna onartzen”.
Hori dela eta, Euskal gizarteari urrunketa horien arrazoia azal diezaiola eskatu diote Gobernu espainolaren presidenteari, eta aldi berean, gobernu berria osatuko dutenengana, zein alderdi politikoengana ere zuzendu dira; “elkarbizitza eta bakearen alde urratsak ematea eta presoen urrunketa eta dispertsioaren aurkako jarrera berriro ere adierazi eta aurrerapausoak ematea” eskatzen diete.