Herritarren parte hartzeagaz hasi da Antzerkiaz Blai jaialdia Mutrikun
Barikuan 'Txarriboda' antzezlana ikusteko aukera egon zen. Areto bete jenderen aurrean, emanaldia arrakastatsua izan zen, eta herritarrek ere parte hartu zuten emanaldian.
Abian da Mutrikuko Antzerkiaz Blai jaialdia. Barikuan [azaroak 8] egin zen lehenengo emanaldia, eta horretan, herritarrak ere protagonista izan ziren. Hika Teatroa taldearen Txarriboda obra ikusteko aukera eduki zuten herritarrek Zabiel kultur etxeko ganbaran. Aretoa txikia bada ere, bete-bete egin zen.
Emanaldia ikusleen gustukoa izan zen; herritarrak pozik atera ziren. Emanaldian, gainera, Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeko dantzari batek, Xabier Astigarraga bertsolariak eta Mutrikuko Goizeko Izarra antzerki taldeko kideek ere parte hartu zuten. Dantzariak dantzan egin zuen, eta Astigarragak bertso bat bota zuen. Azkenik, amaieran, antzerki taldeko kideek, obrako aktoreekin batera, dantzan egin zuten.
Lehenengo emanaldia eginda, domekan [azaroak 17] egongo da jaialdiko bigarren emanaldia.
EGITARAUA:
- Azaroak 17: Harro nago Zirtaka antzerki taldearen haurrentzako ikuskizuna, 18:00etan, Zabielen.
- Azaroak 24: Goizeko Izarra antzerki taldearen Argazkiak eta Beldurrari aurre egin antzezlanak, 19:00etan, Zabielen.
- Abenduak 1: Rita (Txalo produkzioak), 19:00etan, Zabielen. Prezioa: 5 euro.
- Abenduak 13: Akelarre antzerki taldearen Sorpresadun pisua eta Ligatzeko klaseak antzezlanak, 19:00etan, Zabielen.
- Abenduak 15: Akelarre antzerki taldearen antzezlanak, 19:00etan, Zabielen: Roboten denda, Neska, mendia eta beste guztiak eta Lorontziaren epaiketa.