Interjai txapelketako finalerdiak erabakita geratu dira Berriatuan
Zuloagak eta Urielek lortu dute finalerdiak jokatzeko azken txartela. Finalerdietako lehian egongo dira Antxon-Aitor Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz bikoteak ere.
Berriatuan jokatu da asteburuan Interjai zesta-punta txapelketako lehen faseko azken jardunaldia, eta Zuloagak eta Urielek lortu dute finalerdiak jokatzeko azken txartela. Eurekin batera egongo dira finalerdietako lehian Antxon-Aitor Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz. Lalook eta Manzik zuzenean finala jokatuko dute.
Interjaiko partida bi jokatu ziren Berriatuan barikuan [azaroak 8]. Lehenengoan ez zegoen ezer jokoan. Izan ere, Antxon eta Aitor Elkorobarrutia finalerdietarako sailkapena lortuta zeuden, eta Gaizkak eta Mikel Elkorobarrutiak ez zuten aurrera egiteko aukerarik. Hala ere, lehia bikaina ikusteko aukera eduki zuten zesta-punta zaleek. Lehen jokoko puntua Antxonek eta Aitor Elkorobarrutiak eraman zuten, eta bigarrena, berriz, Gaizkak eta Mikel Elkorobarrutiak. Horrela, berdinketa hautsi behar izan zuten bikoteek eta azken bi tantoetan erabaki zen partidua; 3-5 irabazi zuten Antxonek eta Elkorobarrutiak.
Erabakiorra. Arbe-Ibarluzea eta Zuloaga-Mandagaran bikoteen arteko norgehiagoka izan zen hurrengoa. Urielen lekua Mandagaranek hartu zuen eta Etcheberryrena Arbek. Bikote biek zeukaten finalaerdietan egoteko aukera eta borroka amaierara arte luzatu zuten.
Bikote bakoitzak joko bana eskuratuta heldu ziren berdinketa hausteko partidara. Arbe eta Ibarluzea hobeto hasi ziren 1-3 aurretik jarrita, baina Zuloagak eta Mandagaranek partiduari buelta ematen jakin zuten eta 4-3 jartzea lortu. Arbek partida berdindu zuen laura, baina Zuloagak azken tantoa egin eta Zuloagaren eta Mandagaran markagailura joan zen garaipeneko tantoa.