Master Goxua Txapelketako lehen kanporaketak jokatu dira Markina-Xemeinen
Guztira sei partida jokatu dira hasierako asteburuan: lehen mailako hiru eta bigarren mailako beste hiru. Txapelketak datorren zapatu-domekan izango du jarraipena.
Ikusmin handiagaz hasi da martxan Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak antolatutako Master Goxua Txapelketa. Asteburuan jokatu dituzte lehen partidak frontoi txikian, eta erabakita geratu dira final laurdenetara igaro diren maila bietako lehen bikoteak. Giro ona eta lehiarako gogoa izan dira nagusi, eta horrek ikusle asko erakarri ditu.
Guztira sei partida jokatu dira hasierako asteburuan: lehen mailako hiru eta bigarren mailako beste hiru. Lehen mailari dagokionez Enpan-Kastillo eta Varela-Unanue bikoteen arteko norgehiagoka egon zen barikuan [azaroak 8], eta Varela-Unanue gipuzkoarrak izan ziren nagusi. Domekan [azaroak 10], berriz, Perran anaiek eta Zubiria-Gomez bikote mallabiarrak egin zuten aurrera. Perran anaiek Eibarko Zubizarreta eta Madariaga izan zituzten aurkari, eta markagailuan 9-6 zihoazela min hartu zuen Madariagak. Hori dela eta partidua bertan behera geratu zen eta Perran anaientzat izan zen garaipena. Bernaola eta Gorostiza izan zituzten aurkari, berriz, Zubiriak eta Gomezek.
Zapatuan [azaroak 9] jokatu ziren bigarren mailako lehen partidu biak. Jon Kastillo eta Gandixa, Laka eta Ube neurtu ziren lehenengoan, eta Lakak eta Ubek lortu zuten garaipena. Bigarren norgahiegokan, berriz, Peio Etxebarrietak eta Oier Urrutiak lortu zuten aurrera egitea Sololuzeri eta Erlantzi irabazita.
Bigarren mailako azken partidua domekan jokatu zen, eta horretan Aitortxu-Naparra eta Lorenzo-Lariz lehiatu ziren. Aitortxuk eta Naparrak irabazi zuten norgehiagoka.
Txapelketak datorren zapatu-domekan izango du jarraipena. Zapatuko partidu biak 17:00etatik aurrera jokatuko dira. Domekan, ostera lau norgehiagoka egongo dira 10:30ean hasita eta azaroaren 19ra atzeratu dute beste bat; 19:30ean hasiko da jokoan.
ASTEBURUKO PARTIDUEN EGITARAUA:
- Zapatua [azaroak 16], 17:00etan:
-Katillu-Eritz/Tubo-Trontxo
-Barasaluze-Lander/Atano-Gorka - Domeka [azaroak 17], 10:30ean:
-Iglesias-Romero/Bereikua-Zapa
-Ansotegi-Ansotegi/Iker Mendibe-Urizar
-Etxeta-Elu/Ibon Arriaga-Etxabe
-Txelo-Potro/Joanes-Onagoitia - Martitzena [azaroak 19], 19:30ean:
-Atzotei-Arrate/Olabe-Jonro