San Andres jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu dute Etxebarrian
Lanak bihar [azaroak 12] aurkeztu behar dira udaletxean. Lau sari egongo dira.
Aurten ere San Andres jaietako kartel lehiaketa antolatu du Etxebarriko kultura batzordeak. Lehiaketan parte hartzen dutenek, bihar [azaroak 12] aurkeztu behar dituzte kartelak udaletxean, bulegoko ordutegian.
Teknika librea izango da, eta DIN A3 tamainan aurkeztu beharko dira lanak. Lau sari nagusi egongo dira: 0 eta 5 urte bitartekoentzat, 6 eta 9 urte bitartekoentzat, 10 eta 16 urte bitartekoentzat eta nagusientzat.
Bestalde, lanak egin ahal izateko, ekitaldi berezia antolatu zuen zapatuan [azaroak 9] guraso elkarteak; kartelak egiteko aukera egon zen jantokian, 16:00etatik 19:00etara.
Lehiaketan parte hartzen duten lan guztiak ikusgai egongo dira San Andres egunean, frontoian. Irabazleak, berriz, sanandresetako egitarauan edukiko dute lekua.