Arantza Zulueta Valentziako espetxera ailegatu da
Azaroaren 8an hasi zuten Zuluetaren urrunketa. Etorri, idatzi, margotu elkartasunez ekimena antolatu du zapatuan, Lekeition, Lekeitioko Euskal Preso Eta Iheslari Politikoak Etxeratzearen Aldeko Taldeak.
Hamazortzi egun eta gero, Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxera ailegatu da gaur [azaroak 26] Arantza Zulueta, azaroaren 8an abiarazi zuten lekualdaketari amaiera emanez. Irailaren 30etik zegoen Zulueta Zaballako espetxean, eta handik Soto del Realera (Madril) eraman zuten. Atzo [azaroak 25] Valentziarako bidean zegoen, eta dei baten bidez senideei jakinarazi dienez, Castellonen lo eginda heldu da gaur Valentziara.
Zulueta Jon Enparantzagaz batera sartu zen Zaballako kartzelan 11/13 sumarioan ezarritako zigorra betetzeko. Enparantza Estremerara urrundu zuten urriaren amaieran, eta Zulueta ere Euskal Herritik urrundu dute. Urruntze horiek, eta, oro har, Espetxe politikaren aldaketan ematen ari den “atzerakada” salatu zituen Etxeratek urrunketa biak iragarri zituztenean.
Ekimenak. Atera bidera orain presoak lelopean, manifestazio bat deituta dago Bilbon urtarrilaren 11rako, azken urteetan egin den moduan. Hala ere, Gabonei begira ekimen ezberdinak antolatzeko asmoa daukate Lekeitioko Euskal Preso Eta Iheslari Politikoak Etxeratzearen Aldeko Taldeak. Horietako lehenengoa zapaturako [azaroak 30] prestatu duten Etorri, idatzi, margotu elkartasunez ekimena izango da. Azaldu dutenez, 12:00etatik 14:30era postalak edukiko dituzte Eskolapean, presoei idazteko. Egun Julen Atxurra Egurrola Pototo, Liher Aretxabaleta Rodriguez eta Arantza Zulueta Amutxastegi dira preso dauden herritarrak.
Eguraldiak lagunduz gero, gainera, idatzi eta margotu ere egingo dutela aurreratu dute. Horrez gain, iluntzean, ekitaldi berezi bat egingo dute Lekeitioko kaleetan zehar.