Erorien Haranean senideak dituzten familiekin batuko da Ahaztuen Oroimena elkartea
Bilera bat antolatu dute domekarako. Elkartu, informazioa trukatu eta zer egin daitekeen azalduko dute.
Erorien Haranean senideak dituzten edo euren senideak bertan egon daitezkela uste duten familiekin elkartzeko bilera informatibo bat antolatu du Ahaztuen Oroimena elkarteak. Familiekin hitz egin eta daukaten informazio guztia partekatzea dela heburua azaldu dute. Bilera, domekan [abenduak 1] egingo da, 11:30ean, Etxebarriko udaletxean.
“Ezaguna da Erorien Harana ireki eta han dauden senideak etxeratzeko urteetan familia ugarik daramaten ibilbidea. Espainiako gobernuak, Franko diktadorea Erorien Haranetik deshobiratu zuen irailean, eta itxura denez, 2020ko urtarriletik aurrera, Erorien Haranean hobiratuta egon eta eskaera zein paperen tramitazioa eginda daukaten familien senideak deshobiratzen hasiko dira, hoietako batzuk Euskal Herrikoak direlarik”. Hori dela eta, momentu ona dela uste dute Erorien Haranean senideak dituzten familiekin elkartu eta egoera hausnartzeko. “Elkartu, informazioa trukatu eta zer egin daitekeen aztertu eta baloratzea litzateke gure asmoa”.
Gogora ekarri dutenez, hainbat herritar daude Erorien Haranean, tartean eskualdekoak, eta gehienak gainera, gerra garaian frontera joan eta Euskal Herritik kanpoko lurretan hil eta leku horietako hilerrietan gerra garaian lurperatu ondoren, handik hogei urtera Erorien Haranera eramandakoak. “Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, gure laguntza eskaintzen dizuegu, etxekoek, merezi duten lekuan duintasunez, lurperatu eta merezitako amaiera izan dezaten; gure ustez, ez baita egokia Erorien Harana bezalako diktadore eta altxamenduaren gorespen mausoleorik egotea, ezta han inor hobiraturik egoterik”.