Berriatuko guraso elkarteak eskolan sukaldea jartzeko eskatu die udalari eta Jaurlaritzari
Gurasoek mozio bidez egin diote eskaera udalari. Zehaztu dutenez, mozioa eguenean [azaroak 28] Berriatuko Udalak egingo duen osoko bilkuran aztertuko da.
Berriatuko Herri Ikastetxeko Guraso Elkarteak eskola berrian sukaldea jartzeko eskaera egin die Berriatuko Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari. “Nahi duguna da Hezkuntza Sailak bermatzea janaria eskolan bertan egin ahal izateko sukaldea eraikitzea”, esan dute. Eskaera ofiziala egiteko, Guraso Elkarteak mozioa sartu du udalean, eta hori eguenean [azaroak 28] egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dela esan dute.
Mahairatu dutenez, duela gutxi eskola jangelen kudeaketa ereduan “aldaketak eta hobekuntzak” egin beharra babestu zuten Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek. “Horren baitan, eskatzen duten ikastetxeetan sukaldeak egingo direla diote”. Hain zuzen ere, zazpi zentro publikotan sukaldeak eraikiko direla adierazten du 2019-2023 aldirako Hezkuntza Azpiegitura Planak. “Berriatuan eraikin edo eskola berria egingo denez, uste dugu orain dela sukaldea jartzeko momentua”.
Berriatuko eskola handitzeko lanak hastear daudenez, herriko hezkuntza komunitateak zer nolako jangela zerbitzua eduki nahi duen erabakitzeko aukera daukala diote. “Gure helburua da sukalderik ez dugun eskoletan beharrezkoak diren tramiteak Hezkuntza Sailaren eta udalaren bitartez bideratzea”.
Sukaldea ondoko arrazoiengatik jarri nahi dutela zehaztu dute. “Umeek elikadura osasuntsu bat jasotzeko eskubidea daukatelako. Umeen elikadurak, kantitatean zein kalitatean egokia izan behar duelako, eta bertoko eta sasoiko produktuak umeak dauzkaten beharrizanei ondoen egokitzen diren lehengaiak direlako”.