Musikak girotuta ospatuko dute Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxearen XI. urteurrena
Aurten herriko musikari gazteen aldeko apustua egin dute Markina-Xemeingo Gazte Asanbladakoek, eta haien esku egongo da elektrotxaranga. Gauean kontzertuak egongo dira, gaztetxean.
Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxeak 11 urte betetzen dituela eta, urteurrena ospatzeko jaia egingo dute zapatuan [abenduak 7], 11 urrats, 11 urte! lelopean. Aurreko urteetan ez modura, aurten herriko musikariek osatutako elektrotxarangagaz hasiko dira ospakizunak.
«Aurreko urteetan bazkaria egin izan dugu gaztetxean bertan. Ekintza hori, baina, gainbeheran zegoen, eta aurten ez egitea erabaki dugu», esan dute gazte asanbladako kideek.
19:30ean hasiko da elektrotxaranga, Buztarri tabernaren paretik. «Orain arte elektrotxarangako kideak ez dira herritarrak izan. Baina aurten bai; haien aldeko apustua egin dugu».
Herriko kaleak girotu eta gero, jaiak gaztetxean jarraituko du. Izan ere, 22:00etatik aurrera ogitartekoak egin eta salduko dituzte. Eta afalostean musika izango da berriro ere protagonista.
Ondoko taldeak ariko dira: Desorden, Errietan (Mutriku) eta The New Age (Ondarroa). «Hasiera batean ez zegoen aurreikusita The New Age taldeak jotzea. Baina hitzartuta genuen beste taldeko kide batek min hartu du, eta azkenean ondarrutarrak etorriko dira».
Aurtengo ospakizuna, beraz, azken urteetan egin dutenarekin alderatuta ezberdina izango dela esan dute. «Ikusi egingo dugu ea horrela eginda ondo ateratzen den», gaineratu dute Akerbeltzekoek.
Osagarri horiekin guztiekin, gaztetxearen urteurrena ondo-ondo ospatzea dute helburu antolatzaileek. Eta herritar guztiak jaian parte hartzera gonbidatu dituzte.