Bosgarren txapela jantzi du Etxanizek
Emakume Master Cup Txapelketako Lau eta erdiko finala irabazi du Etxebarriko pilotariak. 13-22 irabazi zion Patri Espinarri, atzo [abenduak 15] Barakaldon jokatutako finalean.
Emakume Master Cupeko finalen sari banaketa. Argazkia: Emakume Master Cup Poz handiz jantzi du Emakume Master Cup Txapelketako bosgarren txapela Leire Etxaniz Bengoa Etxebarriko pilotariak. Finalera ailegatu eta txapela lortzeak beti “poza eta ilusioa” eragiten dituela dio. Binakako hiru txapel ditu oraingoz, eta Lau eta erdiko bigarrena izan zuen atzokoa [abenduak 15]. Txoko berezia egingo dio horri ere.
Beste behin ere, indarra, oreka eta sendotasuna erakutsi zituen Etxanizek Barakaldon jokatu zuen pilota goxoko Lau eta erdiko finalean, bere erritmoa ezarri zuen hasiera-hasieratik agintea hartuz.
Emaitzari begiratuta, 13-22, Patri Espinarren aurka jokatutako finala erraz irabazi zuela badirudi ere, partidu gogorra izan zela aitortu du Etxebarriko pilotariak. “Nire helburua partida luzatzea zen, bera aurrelaria izanda ahal denik eta atzerago edukitzea nahi nuen, eta uste dut lortu nuela. Nik partida hobeto hasi nuen berak baino, eta hor egon zen, nire ustez, partidaren gakoa”.

Leire Etxaniz Bengoa txapela jantzita. Argazkia: Emakume Master Cup
8-1 hasi zen irabazten Etxaniz, eta horrek konfiantza ematen duela azaldu du. “Espinar galtzen hasi zen, eta atzetik joan zenez, agian, hasieran zituen ideiak ez zituen horren garbi ikusten, eta nire ustez hor joan zitzaion partidua”.
22, tantora heldu arte, dena dela, jarraitu egin behar da lanean, Espinar saiatu zen aldeak murrizten, baina Etxaniz ez zen lasaitu, berean jarraitu zuen eta ondo bete zuen bere lana, tantoak luzatu eta dejadaz edo bi paretaz tantoak amaituz.
Pilota goxoko finalagaz gainera mistokoa ere erabaki zen atzo. Miriam Arrillagak jantzi zuen txapela mistoan Miren Larrarteri 22-11 irabazita.

Emakume Master Cupeko finala. Argazkia: Emakume Master Cup
Beteta. Frontoia jendez gainezka jokatu ziren Emakume Master Cup txapelketako finalak, 700 lagunetik gora eta giro oso ona. Etxebarritik ere autobus bete joan zen herriko kirolaria animatzera. Kantxara irten eta frontoia beteta ikusteak konfiantza eta indarra ematen dituela azaldu du Etxanizek, eta emakumeen esku pilotak aurrera egiteko horrela behar duela dio. “Pixkanaka ikusten ari da emakumeek ere frontoiak bete ahal ditugula, eta ea horrela jarraitzen dugun”.
Lau eta erdikoa amaitu arren, Etxaniz ez da geratuko. Bizkaia Txapelketa jokatzen ari da larruzko paleta modalitatean. Aurreko barikuan hasi ziren lehen palakadak ematen.