Boxeo gau bizi-biziaz gozatu dute Markina-Xemeinen
Amateur mailako bederatzi borrokaldiz osatutako jaialdia izan zen. Borrokaldi bat KO bidez erabaki zen, beste guztiak, ostera, puntuen bidez.
Raul Tejero eta Ibai Arantzamendi Markina-Xemeingo frontoiko ringean. Argazkia: Arantzamendi Borrokaldi bikainak ikusteko aukera eduki zuen zapatu gauean [abenduak 14] Markina-Xemeingo Uni frontoian egon zen Boxeo Gaueko publikoak. Azken orduan, borrokaldi bat gehiago prestatzeko aukera eduki zuten antolatzaileek, eta beraz, amateur mailako bederatzi borrokaldiz osatutako jaialdia izan zen. Borrokaldi bat KO bidez erabaki zen, beste guztiak, ostera, puntuen bidez.
Herriko hiru boxeolarik parte hartu zuten jaialdian. 75 kilotan, Herriko Elkar gimnasioko Ronald Crisek Elite Sport klubeko Anaitz menderatu zuen, eta 60 kilotan Alexis Sosak bere borrokaldia irabazi zuen Elite Sport klubeko Endikaren aurka. 83 kilotan, berriz, Ibai Arantzamendik eta Tejedor Box klubeko Raul Tejeroren borroka nulua izan zela erabaki zuten epaileek.
Arantzamendik lehen roundean lurrera bota zuen aurkaria bi bider, eta babes kontaketa egin zen. Hala ere, borrokan beteranoa dela erakutsi zuen Tejerok eta indarrak berreskuratuz aurrera egin zuen. Hala, hiru roundak amaituta, borroka nulua zela ebatzi zuten epaileek. “Tejero kick boxingean profesionaletan aritako aurkari gogorra izanik, oso borroka ona egin nuen. Sentsazio onak eduki nituen eta gustura aritu nintzen”, azaldu du.
Boxeo Gauaren antolatzaileek eskerrak eman diete Markina-Xemeingo frontoi nagusira hurreratu ziren guztiei, “boxeoak aurrera jarraitu ahal izateko euren laguntza ezinbestekoa da-eta”. Laguntzaile guztien babesa ere eskertu dute, “eurek barik ezingo genuke jaialdia egin”.