Tradizioari eutsiz, Santa Luzia eguna ospatzeko elkartu dira mendexarrak
Eguraldia lagun izan ez badute ere, giro polita eduki zutela eta jende asko batu zela azpimarratu dute.
Urteroko ohiturari jarraituz Santa Luzia eguna ospatu zuten Mendexan, barikuan, izen bereko ermitan. 11:00etan mezan elkartu, eta ondoren ohiko hamaiketakoa eduki zuten. Kalabaza pisu lehiaketa ere egin zuten. Kalabazaren pisua igarri behar izan zuten herritarrek, eta gehien hurbildu zenak “pernil eder bat jaso zuen sari bezala”.
Eguraldiaren eraginez, hamaiketakoa eta kalabazaren lehiaketa ere ermita barruan egin behar izan zituzten. Halere, herriko trikitilariek alaituta, giro polita eduki zutela azpimarratu zuten: “Azken urteetako eguraldirik gogorrena izan arren, haize bolada indartsuekin, jende dezente bildu zen bertara, ehun bat lagun inguru”.