Munitibarko herrigunean ibilgailuen joan-etorria semaforoekin bideratzen ari dira
Oinezkoei lehentasuna eman eta segurtasuna eta iriste erraztasuna hobetzeko lanak egiten ari da udala.
Herrigunea oinezkoentzat egokitzeko lanak bide honetik doaz. Oinezkoei lehentasuna emanez, errepideak zatitzen dituen zati biak batuko dituzte eta horrela, iriste erraztasuna zein segurtasuna hobetuko dituzte.
Besteak beste, espaloia egiten ari dira plazatik botika parean dagoen aparkalekura. Horrela, plazagunetik medikuaren kontsultara modu seguruagoan egingo dituzte joan-etorriak herritarrek, batik bat haurren edo gurpildun aulkietan doazenek.
Herriguneko bidegurutze ingurua asfaltatu, atondu eta egokituko dute eta printzipioz aurreikuspenak betetzen badira, lanek bi hilabeteko iraupena edukiko dutela zehaztu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak.
Hirigintza lanon ondorioz, oinezkoentzat zein ibilgailuetako gidarientzat eragozpenak sortuko direla badakite, baina ahalik eta eragozpen txikienak eragiten saiatzen ari dira. Halaber, momenturen batean errepidea itxi eta desbideraketak ere egin beharko dituztela jakitera eman dute.