Musika klasikoko hiru hitzordu dakartza Markina-Xemeingo Musika Haizeak zikloak
Cantoria taldea arduratuko da aurten Markina-Xemeingo Udalak antolatutako jaialdia irekitzeaz. Barikuan [martxoak 6] hasiko da zikloa, eta sarrera doan izango da denetan.
Musika klasikoa sustatu asmoz hiru kontzertuko zikloa antolatu du aurten ere Markina-Xemeingo Udalak. Musika Haizeak zikloak musikaz gozatzeko hiru hitzordu berezi eskainiko ditu hilabete honetan, eta sarrera doan izango da denetan. Bigarren urtez, punta-puntako musikari gazteen lana ezagutzeko aukera emango die zaleei zikloak. Kontzertu guztiak 20:15ean eskainiko dira Karmengo elizan.
Barikuan [martxoak 6] hasiko da zikloa, eta Cantoria taldea arduratuko da aurten jaialdia irekitzeaz. Kataluniako Goi mailako Musika Eskolan erroturiko ahots-laukotea Ines Alonsok (sopranoa), Samuel Tapiak (kontratenorea), Jorge Losanak (tenorea eta zuzendaria) eta Valentin Mirallesek (baxua) osatzen dute. Antzinako musikagintzaren panoraman azken urteotan espainiar estatuan izan den ezusteko handienetako moduan definitu du kritikak Errenazimenduko musika lantzen duen taldea.
Euskal Herriko artistek ere zikloaren baitan leku bat edukitzea nahi izan du udalak, eta horrela, martxoaren 14an emango diote jarraipena egitarauari Garazi Navas akordeoi jotzailearen kontzertuagaz. Jakitera eman dutenez, akordeoi-jotzaile eklektiko eta berritzailea da Navas (Usansolo, 1995). “Musikenen lizentziatua, proiektu ugaritan hartu du parte eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan ere jo du. Gaztea bada ere, hainbat sari eskuratu ditu”.
Hirugarren eta azken kontzertua martxoaren 21ean izango da Zilarra Quintet taldearen eskutik. Maitane Arretxe Olazabal (akordeoia), Iker Bilbao Ibarguen (biolina), Jose Bella Ruiz (gitarra), Lucia Arzallus Marco (pianoa) eta Antonio Muedra Ventura (kontrabaxua) dira boskote horretako partaideak.