Gipuzkoako 51. txapelketa jokatzen hasiko dira bolariak
Nahiz eta aurten Bizkaian federatuta dauden, aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute Lea-Artibaiko bolariek ere. Elgoibarko San Migel bolatokian izango da lehenengo saioa zapatuan [martxoak 7].
Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Txapelketa. Elgetako jaurtialdia. Argazkia: Mikel Urkia Zuloaga 2020 urteko lehenengo txapelketa jokatzen hasiko dira asteburuan bolariak. Zapatuan [martxoak 7] emango diote hasiera 51. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketari. Elgoibarko Aiastia auzoko San Migel bolatokian egingo da lehenengo jaurtialdia, eta ordua, ohi modura, 17:00etan izango da. Aurretik bola probatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Nahiz eta aurten Bizkaian federatuta dauden, aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute Lea-Artibaiko bolariek ere. Batzuk Elgetako taldean, beste batzuk Lasturren eta azkenek Bergarako San Joxepen izenean jokatuko dute, hain zuzen ere.
Guztira, hamar bolatokitatik igaroko da aurtengo norgehiagoka, estreinako Leintz Gatzagako bolatokia batuko da-eta Gipuzkoako txapelketara. Final eguna maiatzaren 30ean Azkoitiako Floreaga auzoko bolatokian jokatuko dela aurreratu dute. “Jaurtialdia amaitu eta berdinketarik balego bertan erabakiko da”, azaldu du Mikel Urkia Zuloaga Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Modalitateko buruzagiak.
Txapelketari amaiera borobila emateko, Lehendakari Saria jokatuko dute ekainaren 6an Soraluzeko San Andres bolatokian. Saioa 11:00etan hasiko da, eta ondoren bazkaria eta omenaldia ere egingo dituzte. Txapelketako sariak ere egun horretan banatuko dituzte.
Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako EGUTEGI OSOA.