ELA eta LAB sindikatuek Cartonajes Erabil enpresaren aldetik jasaten ari diren diskriminazioa salatu dute
Sindikatuen kontrako jokabide hori "oso larria" dela diote, batez ere, sindikatuek langileen osasuna zaintzeko ezagutzak, jarduteko metodoak eta aholkuak eman behar dituzten une honetan.
ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Gizaburuagan dagoen Cartonajes Erabil enpresako zuzendaritzak ez diete ematen hartzen ari diren erabakien berri. “Jokabide larria” iruditzen zaiela esan dute sindikatuek, batez ere momentu honetan.
“Gizartea momentu zailak bizitzen ari da, eta etengabe erabakiak hartu behar dira gizartearen osasuna babesteko eta bereziki langileen osasuna zaintzeko, langileok bait gara arrisku handiena jasaten dugunak lantokietara joan behar izanagatik”, azaldu dute. Hala ere, enpresa asko “etekinak handitzeko edota lan eskubideen gainetik pasatzeko” egoeraz aprobetxatzen ari direla nabarmendu dute.
“Cartonajes Erabileko zuzendaritza erabakiak hartzen ari da, ez dakiguna da alde bakarrez edo beraiek jarritako ordezkaritzaren konplizitateagaz, Haize Berriak taldeagaz. Ziurtatu dezakeguna da ez ELA ez LABeko ordezkariei ez digutela hartutako erabakietako bakar baten berri eman, Langileen Estatutuak langileen eskubideak defendatzeko ematen digun informazio-eskubidea urratuz“.
Sindikatuen kontrako jokabide hori “oso larria” dela diote, sindikatuek langileen osasuna zaintzeko ezagutzak, jarduteko metodoak eta aholkuak eman behar dituzten une honetan. “Enpresak, ordea, lege oinarrizkoenak betetzen ez dituela jakinda ere egiten du hori, eta arrazoi bakar batengatik egiten du: bere interesak langileen osasunaren eta eskubideen aurretik jartzen dituelako. Bestela, ezin liteke ulertu konfinamendu garaian aparteko orduak egitea, denbora gehiagoz kutsatzeko arriskua egonik, edota langileak aste santuko jai egunetan lanera joateko deialdia egitea”.