ELAk eta LABek salatutako informazio falta ezeztatu du Erabil enpresako Haize Berriak talde independienteak
Azaldu dutenez, enpresaren zuzendaritzak uneoro informatu du enpresa batzordea neurri guztietaz. Bi sindikatuek salatutakoa ez dela egia esan dute.
ELA eta LAB sindikatuek Gizaburuagako Cartonajes Erabil enpresaren aldetik jasaten ari ziren diskriminazio salaketari erantzun dio Haize Berriak talde independienteak. Ez dela egia esan dute, sindikatu biak Erabileko zuzendaritzak COVID-19 pandemiaren krisi egoeraren aurrean hartutako neurrien inguruan informatuak izan ez direnik. “Uneoro, enpresaren zuzendaritzak berri guztiez informatu du enpresa batzordea, eta lan segurtasuneko ordezkarien bidez beharrezkoak ziren neurriak ezarri ditu. Era berean, batzordeko presidenteak informazioa bidali dio ordezkari bakoitzari”, azaldu dute.
Sinisteko zaila egiten zaiela adierazi dute, momentu zail hauetan, “ELA eta LABeko ordezkari sindikalen partetik lankidetzarako eta elkar ulermenerako borondaterik ez egotea”. Hala ere, oso harro daudela azpimarratu dute Erabileko lantalde osoak orokorrean erakutsi duen portaeragaz, “funtsezko jardueretara zuzenduta dauden bezeroak hornitzeko sakrifikatu baitira”.
Haize Berriak taldeak argi utzi nahi izan du talde independente bat dela, eta Erabileko enpresa batzorderako langileen ordezkari bezala aukeratu dituztela, demokratikoki. “Batzorde hau 9 ordezkariz osatuta dago, eta gu 6 gara, ordezkaritzaren %67a izanik. Iraingarria iruditzen zaigu enpresak jarritakoak izan garenaren adierazpena. Irizpide propioa eta lanerako grina dauzkagu, langile guztiontzako onurak lortzeko helburuagaz. Horretarako, enpresagaz negoziatu eta eztabaidatzen dugu, eta lankide gehienen babesa jaso genuen”.