Erkorekak esan du normaltasunera bueltatzeko planean "buru-belarri" lanean ari direla
Esan duenez, “ezinbestekoa” izango da hiru baldintza betetzea: urruntze fisikoa, maskaren erabilera eta eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.
Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian parte hartu dute gaur Josu Erkoreka bozeramaileak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Erkorekak esan du sail guztiak “buru-belarri” lanean ari direla normaltasunera bueltatzeko planean, “gizartearen ohiturak mailakatuta eta berme osoz berreskuratu ahal izateko”. Horretarako, esan duenez, “ezinbestekoa” izango da hiru baldintza betetzea: urruntze fisikoa, maskaren erabilera eta eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.
Jorratzen ari diren plana, hala ere, osasun bilakaeraren baldintzapean dagoela dio Erkorekak, bai eta osasun publikoko agintariek ezartzen dituzten gidalerroen baldintzapean ere. Egunez egun funtsezko kolektiboei eta pertsonei egiten dieten test kopurua goraka doala azaldu du: “Horrek aukera ematen digu kutsatzearen mapa erreala eta kasu positiboen tasaren mapa erreala egin ahal izateko. Gure helburua da hil honetan milioi biztanleko 20.000 test egitea. Egoeraren eta bilakaeraren mapa horri esker udalerriz udalerriko egoera kontrolatu ahal izango dugu eta beragerpenak aztertu ahalko ditugu. Osakidetzak baduela gaitasuna pandemiari aurre egiten jarraitzeko”.
Osasun zentroak berantolatzen ari dira bestelako gaixotasunei ere aurre egiteko. Maskarak ere aipatu ditu Erkorekak; esan duenez gizarte osoak eskuragarri izan ditzan lanean ari dira. Horrekin lotuta, euskal enpresen lana goraipatu du, “gaitasun handia erakutsi dute eta oso azkar”: “Lanean ari dira behar dugun materialaren ekoizpen propioa sortzeko”.
Erkorekaren arabera, astelehenean hasiko da normaltasunera bueltatzeko planaren lehen fasea umeak kalera ateratzeko baimenarekin; “denbora mugatuan eta distantzia fisikoa gordeta”. Neurri horren atzetik “berehalako beste neurri batzuk” hartu beharko liratekeela uste du eta horietan lanean ari dira: “Kirola egiteko baimenak eta denden eta saltoki txikien irekiera mailakatuak aztertzen ari gara, segurtasuneko eta distantzia fisikoko neurri guztiak beteta”.
Bestalde, Erkorekak azpimarratu du hainbat enpresetan lanera itzuli izanak erakutsi duela “lana eta osasuna bateragarriak direla”; une honetan %30ean dago industria eta eraikuntzaren jarduera.
Hezkuntza ere aipatu du, protokolo bat osatu dutela iragarrita. Hori, baina, “eragileekin kontrastatzea” falta zaiela esan du, ikastetxeetara bidali aurretik. Esan duenez, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua asteon bilduko da hezkuntza arloko eragileekin. Protokoloak hiru ardats ditu: funtsezko edukiak, ebaluatzeko irizpideak eta ikasgeletara itzultzeko agertokiak.
Euskal administrazio publikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako egoitzetan lan presentziala berreskuratzeko kronograma egiten ari direla adierazi du. Egun, 7.200 langiletik 1.200 langile inguru bertaratzen dira lanpostuetara. “Gutxi-gutxika normaltasunera bueltatzen joatea da helburua”.
Azkenik, aisialdiari eta pertsonak pilatzea sortzen duten ekitaldiei buruz ere aritu da: «Horiek izango dira normaltasunera bueltatzeko denbora gehien beharko duten jarduerak, baina lanean ari gara horien egoera ere aztertzeko». Asteon aztertuko dituzte udarako jai eta ekitaldien aurreikuspenak, Foru Aldundiekin eta Eudelekin batera. Iñigo Urkullu lehendakaria bilduko da horiekin.