Maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da bi metroko tartea gorde ezin denean
Maskaren erabilera derrigortzen duen agindua datozen egunetan argitaratuko dute, eta orduan emango dituzte xehetasunak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarrak herrialdean zehar ibil daitezke jada.
Konfinamendua arintzeko lehen fasean daude Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba; Espainiako Gobernuak onartzekotan, baliteke gaur zortzi igarotzea bigarren fasera [maiatzak 25]. Horregatik, lehen fase horretako neurri batzuk arindu zitzaizkien atzo [maiatzak 18] Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleei. Aldiz, iluntzean, beste neurri batzuen berri eman zuen Madrilek, nahiz eta agindua bera eta xehetasunak datozen egunetan argitaratuko dituen: derrigortu egingo du maskaren erabilera, bi metroko tartea gorde ezin den kasuetan; baita kalean ere.
- Maskareren erabilera: Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoetako osasun sailburuek atzo iluntzean adostu zuten maskarak derrigorrezkoak izango direla garraio publikoan —orain arte bezala—, leku itxietan, eta baita edozein leku publikotan ere, ezin bada bi metroko tartea gorde. Datozen egunetan argitaratuko dute agindua, eta orduan emango dituzte xehetasunak.
- Ordutegiak: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan kendu egingo dute soilik ordutegi jakin batzuetan kalera irteteko agindua; Madrilek oraindik ez du neurri hori Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu. Beraz, Jaurlaritzak esan du neurria argitaratu bitartean ordutegiak mantendu egingo direla. Eta neurri hori argitaratu eta gero, 10.000 biztanletik gorako herrietan ordutegiak mantendu egingo dira: 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat.
- Lokal eta saltokien irekiera: Larrialdi egoera ezarri zenetik ateak irekitzerik izan ez duten saltoki guztiek zabaldu ahal dute. Bakarra da bete beharreko baldintza: lokala 400 metro karratukoa edo gutxiagokoa izatea. Muga hori gainditzen badute, ordea, bezeroentzat erabilgarri dagoen esparrua mugatzeko aukera izango dute dendek. Zabaldutakoan, okupazio maila gehienez %30ekoa izango da saltokietan; arduradunek gutxienez bi metroko distantzia bermatu beharko dute bezeroen artean, eta 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute.
- Beherapenak: Saltoki guztiei beherapenak edo bestelako promozioak egiteko debekua ere kendu die Espainiako Gobernuak. Baldintza bakarra jarri die: jende pilaketarik ez sortzea. Hori gertatzen bada, saltokiek bertan behera utzi beharko dituzte eskaintza bereziak.
- Terrazen ordutegia: Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzari eta Udaltzaingoei bidalitako txostenak argi dio: udal bakoitzak erabakiko du ostalarien terrazek zer ordutegi bete beharko duten. Ez dago gai horrekiko jarraibide orokorrik, eta, beraz, herritik herrira alda liteke ordutegia.
- Senideak bisitatzeko aukera: Kasuan-kasuan. Bisitatu beharreko pertsona 65 urtetik gorakoa bada, menpekotasunen bat badu edo antzeko beste beharren bat, bai. Lekualdatze horiek haurrak zaintzeko egitea ere posible izango da aurrerantzean. Horrela dio Ertzaintzari eta Udaltzaingoei bidalitako txostenak: “Autonomia Erkidegoaren barruan, beharrizana badago, ilobak zaintzera joan ahal da edo ilobak beste leku batera eraman ahal dira, senideek zain ditzaten”.
- Etxean batzeko aukera: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ez. Ezta elkarte gastronomikoetan edo gazteen lokaletan ere.
- Herritik irteteko aukera: Herrialdearen mugak errespetatzen diren bitartean, bai; paseatzeko edo jarduera fisikoa egiteko probintzia barruan ibiltzea baimendu dute. Hori bai: jarduera hori ohiko bizilekua dagoen herritik kanpo egin nahi bada, lehendik ezarritako ordutegien mugak errespetatu beharko dira; hau da, 6:00-10:00 bitartean edo 20:00-23:00 bitartean egin beharko da. Beraz, herritik kanpoko mendietara edo naturaguneetara joatea posible da. Baimendu dituzten beste jarduera batzuk arrantza, ehiza eta aisialdirako itsasoko nabigazioa dira, betiere segurtasun eta garbitasun baldintzak betetzen diren bitartean. Kirol zentro pribatuetara joatea ere posible da, aurrez ordua hartuta.
- Bigarren etxebizitzara joatea: Lurralde historikoaren mugen barruan baimenduta egongo da aurrerantzean, baita bertan gaua igarotzea ere.