ETE Ligan Ondarroak hirugarren hasi du denboraldia
Isuntzak zazpigarren amaitu du I.Tolosaldeko Ikurrina. Tolosaldea da liderra. Bestalde, KAE 2 Ligan Mutrikuk laugarren amaitu du denboraldiko lehen estropada.
ETE Ligaren lehen jardunaldia lehiatu zuten zapatuan, Pasaian. I.Tolosaldea Ikurrinan erlojupekoa lehiatu zuten, eta Tolosaldea izan zen azkarrena. Lau ehuneneko alde estua atera zion Zumaia bigarrenari. Ondarroa sailkatu zen hirugarren, 11 minutu, bi segundo eta 58 ehuneneko denboragaz, eta Isuntza, berriz, zazpigarren sailkatu zen (11:18,10).
Bigarren txandan atera ziren eskualdeko taldeak, eta talde ondarrutarrak markatu zituen denborarik onenak bi ziabogetan. Bigarren txandako bost taldeen artean, San Juan izan zen bigarrena, Ondarroarengandik bost bat segundora sailkatuta.
Mutriku, laugarren. Bestalde, KAE 1 eta KAE 2 Ligak ere asteburuan bueltatu dira uretara, eta horiek ere Pasaian hasi dute denboraldia.
KAE 2ko 11 taldeek XIV. Hondarribiko Arrantzaleen Kofradia Bandera lehiatu zuten, zapatuan. Lapurdik eroan zuen bandera (20:52,98), eta ondorioz, bera dago lider. 21 minutu, hamabi segundo eta bi ehuneneko denboragaz, Mutriku laugarren sailkatu zen.
Hain zuzen, bigarren txandan atera ziren mutrikuarrak, eta Lapurdiren atzetik, txandako bigarren denborarik onena egitea lortu zuen. Lehen txandan, berriz, Hondarribia izan zen onena, eta bigarren sailkatu zen estropadan, Lapurdirengandik 18 ehunenera.