Hiru hirukotearen doinuekin gozatu du publikoak Uhagonen
Ordu bete pasatxoko emanaldia eskaini zuen Haizea Martiartu markina-xemeindarrak gidatutako hirukoteak.
Hiru hirukotearen kontzertua Uhagonen. Argazkia: Uhagon kulturgunea Kontzertu polita eskaini zuen zapatuan [uztailak 11] Uhagon kulturgunean Haizea Martiartu saxofoi jotzaile markina-xemeindarrak gidatutako Hiru hirukoteak. Entzuleen esanetan “atsegina” izan zen, “gozamen hutsa”, eta ordubete pasatxoko kontzertua berehala igaro zitzaion publikoari.
Uhagon kulturguneko arduradunek azaldu dutenez, oso giro ona egon zen, bai eguraldiagatik baina baita publiko eta musikarien artean sortu zan konplizitateagatik ere: “Oso giro hurbila eta familiarra egon zen eta publikoak txalo askorekin erantzun zion hirukoteari, bai kantuen amaieran eta baita kantuetan zehar ere, izan ere , erakustaldi izugarria eman zuten hirurek ere”. Musikariak oso gazteak izan arren, maila oso altua erakutsi zutela azpimarratu dute. “Publikoak baloratu eta txalotu zuen hori, behin eta berriz”.
Euretako bat markina-xemeindarra izateak ere asko pozten dituela aipatu dute. “Seguru, hemendik aurrera ere, Haizearen lan gehiagogaz gozatzeko aukera edukiko dugula”.

Hiru hirukotearen kontzertua Uhagoneko terrazan. Argazkia: Uhagon kulturgunea