Plazabarripearen berriztapena herriko eragileen esku uztea eskatu diote Markina-Xemeingo Udalari
Udalak mural berria egiteko asmoaren aurrean euren iritzia plazaratu dute herriko lau eragilek.
Plazabarripean dauden horma-irudiak kendu eta berria egiteko egitasmoa jarri du martxan Markina-Xemeingo Udalak. Proiektu hori martxan jartzeko erabilitako moduak eta harturiko jarrerak ez zaizkietela gustatu adierazi dute herriko lau eragilek (Markina-Xemeingo Guraso Elkartea, Markina-Xemeingo Gazte Asanblada, Gazte Mugiko kideak eta Etxa), eta proposamen bat luzatu diote udalari: Plazabarripea dagoen moduan utzi eta kanpotik hori berriztatzeko enpresa bat ekarri beharrean, zaharkituta geratu diren muralak gaur egun martxan dauden herri eragileei berriztatzeko edota aldatzeko aukera ematea.
Azaldu dutenez, udalaren aldizkariaren bidez eduki dute proiektu horren berri, ez zuzenean udalaren eskutik, hori dela eta, horretan esfortzua eta denbora eskaini zuten taldeei, «gutxienez, horiek kentzeko proiektua martxan jartzeko asmoa zegoela jakinarazi edota euren iritzia emateko aukera eskaini izana» gustatuko zitzaiela azpimarratu dute. Ez zaiela gustatu esan dute «ezer proposatu edota galdetu aurretik, udalak erabakia bere kabuz hartu eta herriko aldizkarian argitaratzea».
Lau eragileek azpimarratu dutenez herrigintzatik urte askotan talde eta pertsona ezberdinek egindako lana ikus daiteke Plazabarripeko horma horretan: «Argi ikus daitekeen bezala herri mugimendu bakoitzak urte askotan landatu duten haziaren fruituak daude paretetan».
Udalaren proiektu hori ez dutela baztertzen azaldu dute eragileek: «badakigulako gure muraletako batzuk zaharkituak daudela eta horiek berriztatzea komenigarria litzatekeela». Baina, proiektua martxan jartzeko erabilitako modua eta hartutako jarrera ez zaie gustatu. «Herritarren parte hartzea sustatzen duen udalak, proiektu hau parte hartzailea baita, urte luzez herrigintzan aritu diren eragileen iritzia baztertu du. Beraz, parte hartze modu horregaz ez gatoz bat».
Udalaren asmoa. Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, batzordetik pasatu zuten horma-irudiaren gaia asmoa ezagutzera emateko. Esan dutenez, guztiz hondatuta dago horma hori, eta zenbait herritarrek margotzea eskatu zuten. Hori dela eta, konpontzea erabaki dute, baina margotu barik, beste herri batzuetan egin duten modura, horma-irudi bat egitea ikusi dute egokiago. Horretarako artista batzuengana jo dute eta horien proposamenak ezagutzera eman dituzte herritarren iritzia jasotzeko. “Horma horretan proposamen artistiko bat egotea nahi da. Artistei ez zaie ordaindu, dohain eskaini dute lana, eta hiru horietatik aukeratzen den artistari ordainduko zaio”.
Momentu honetan dauden grafitiei dagokionez, euren ibilbidea eduki dutela esan du Luis Egurrola alkateak. “Gazte Mugi orain dela 15 urte Markina-Xemeinen ospatu zen asteburu batean egin zen, eta horma zegoen modura utziko zutela adostu zuten orduan. 15 urtetan egon da eta bere ibilbidea eduki du, eta orain beste proposamen batzuk daude”.
Alkateak azaldu duenez prozesu parte hartzailea izatea da asmoa. “Veganeko murala egin zenean ez zen egon prozesu parte hartzailerik, Homo Sapiensaren horma-irudia, berriz, mantentzea adostu zen”.
Lau proposamen aurkeztu badira ere, batek atzera egin duela eta, hiru egongo dira aukeran: basoarena, baserriarena eta argazki zaharrekin osatutakoa. Parte hartu nahi duten herritarrek Markina-Xemeingo udal aldizkarian agertzen den proposamen gustukoenaren txatala moztu eta Udaltzaingoaren atearen ondoan dagoen udaletxeko iradokizunen postontzian sartu behar dute.