Azken orduetan bi positibo kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain
Atzo [irailak 21] Lekeition eta Ondarroan antzeman zituzten kasu berriak, bana herri bakoitzean. Bestalde, ikasturtea hasi denetik kutsatuen kopuruak behera egin duela esan du Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak. "Ikastetxeak seguruak direla esaten jarraitzen dugu".
Azken 24 orduetan COVID-19agaz kutsatutako 2 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain. Hain zuzen ere, Lekeition eta Ondarroan antzeman dituzte kasu berriak, bana herri bakoitzean. Asteburuko kasu berriez gain, gainerako herrietan ez da kasu berririk antzeman azken orduetan.
Datuak lurraldeka aztertuta, atzo [irailak 21] 8.519 PCR proba egin zituzten, eta horietatik 314 izan ziren positiboak (%3,68); Araban 52 kasu berri erregistratu dituzte, 167 Bizkaian eta 87 Gipuzkoan. Eta 8 positibo kasu berri EAEn bizi ez diren herritarrenak izan ziren. Ospitaleratutakoei dagokienez, atzo [irailak 21] 286 pertsona zeuden ospitaleratuta (domekan baino 17 gutxiago). Eta horietatik guztietatik 55 dira ZIUn daudenak (domekan baino 2 gutxiago). Zehaztu dutenez, atzo [irailak 21] 33 herritar ospitaleratu zituzten. Azkenik, R0 0,98an kokatu da.
Atzo [irailak 21] baita ere, Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak EAEko egoera epidemiologikoa aztertu zuen. Agerraldi horretan adierazi zuen, ikasturtea hasi denetik kutsatuen kopuruak behera egin duela. “Udan kutsatuak gehitzen joan diren bitartean, ikasturtea hasi zenetik gaur arte, kutsatuen kopuruak behera egin du. Datozen egun eta asteetan ikusi beharko da beheranzko joera mantentzen den edo ez”.
Gaineratu zuen ume gehienak asintomatikoak direla. Dena dela, joan den astean ikasle bat baino gehiago kutsatu diren ikasgelak antzeman zituztela esan zuen. “Kontuan hartu behar dugu ikasle horiek ikastetxetik kanpo ere batera egoten direla. Ezin dugu baieztatu eskolan kutsatu direnik. Guk jarraitzen dugu esaten ikastetxeak seguruak direla”.
Orokorrean, datuen bilakaerarekin “pozik” dagoela esan zuen. “Beheranzko joeran jarraitzen dugu, eta hori ona da. Dena dela, balorazio hori asteka egin behar da, ez egunez egun. Zuhurtziaz jokatu behar dugu”. Segurtasun neurriak betetzen jarraitzeko eskatu zuen. “Pertsona batek neurriak zorrotz hartzen baditu, kutsatzeko arriskua asko jaisten da”.
Atzo [irailak 21] baita ere, COVID-19aren biktimak gogoratzeko ekitaldia egin dute Gasteizen.