Jaurlaritzak ez dio helegiterik jarriko EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari
Urkulluk esan du bakarrik auzitegiak onartutako neurri murriztaileak sartuko dituztela alarma egoeraren ondorenerako aterako duten dekretuan. «Bermeak» nahi ditu, eta errekurtsoa jartzeak «ziurgabetasun aldi bat» sortuko lukeela uste du.
Iñigo Urkulluk esan du astelehenean [maiatzak 10] indarrean sartuko litzatekeen dekretuarekin alarma egoeraren bukaerak sortuko lukeen lege hutsunea bete nahi dutela. Dekretu horren zirriborro bat bidali zioten atzo [maiatzak 5] EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, eta auzitegiak gaur [maiatzak 6] aztertuko du. Bihar [maiatzak 7] emango dute epaia.
Dekretuak lege babesa edukitzea nahi du Urkulluk, eta esan du Auzitegi Nagusiak onartzen dituen neurriak baino ez dituztela jasoko dekretuan. Ez dute asmorik Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko EAEkoak neurriren bat atzera botaz gero. Jaurlaritzako lehendakariak ez du arriskurik nahi, neurrien gaineko ika-mikak «ziurgabetasuna» sortuko lukeela uste baitu.
Urkulluk azaldu du «zentzuzko eta arrazoitutako» neurriak proposatu dituela Jaurlaritzak, eta kontuan izan behar dela egungo egoera nolakoa den. Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera domekan [maiatzak 9] da amaitzekoa, eta Urkulluk gutun bat bidali zion Pedro Sanchez gobernuburuari, hura luzatzeko eskatuz. Oraindik ez du erantzunik jaso, esan duenez.