"Onik" aurkitu dute astelehenetik desagertuta zegoen 82 urteko markina-xemeindarra
Jose Pagaegi Meabebasterretxea Akarregi inguruan aurkitu du boluntario batek. Segurtasun Sailak esan dutenez, gosea duela adierazi du Pagaegik aurkitu duten momentuan.
Astelehenetik desagertuta zegoen Jose Pagaegi Meabebasterretxea 82 urteko markina-xemeindarra onik aurkitu dute gaurĀ [ekainak 3] goizean. Boluntario batek aurkitu du Hormetxetik Akarregirako bidean, 11:50 inguruan. Boluntarioak berehala eman du horren berri SOS-Deiak-112 zerbitzuan. Azaldu duenez, “gizona sasi batzuetan erorita zegoen; bizirik, konorterik gabe eta itxura batean onik zegoen”.
SOS Deiak zerbitzukoak bilaketa lanetan zebiltzan Larrialdi zerbitzukoekin jarri dira kontaktuan, eta boluntarioagaz elkartu dira Pagaegi zegoen lekuraino joateko. Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko langileak 82 urteko gizona zegoen lekura iritsi direnean, zegoen lekutik atera dute eta esku-ohe batean jarri dute, eta ospitale batera eramateko zain daude, han azterketa bat egin diezaioten.
Gertaera. Jose Pagaegi Meabebasterretxea, 82 urtekoa, astelehen arratsaldean [maiatzak 31] atera zen etxetik, eta, itzultzen ez zela ikusita, haren familiak desagerpena salatu zuen gauean, eta orduan ekin zioten bilaketari.
Astelehenean [maiatzak 31] 22:30ak aldera jarri zuten martxan miaketa operatiboa, SOS Deiakek koordinatuta. Suhiltzaileak, DYA, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea eta Gurutze Gorriko langileak ibili dira bilaketa lanetan parte hartzen.
SOS Deiak-ek desagertuaren irudia eta deskribapena argitaratu zuen, herritarren laguntza eske. Martitzenean [ekainak 1] boluntario legez laguntzeko prest zeuden herritarrei dei egin zieten, eta herritarrek erantzun egin zuten. Hala, eguaztenean [ekainak 2] 150 boluntario inguru ibili ziren bilaketa lanetan.
Pagaegiren senideek herritarrei eskerrak eman dizkiete, eta baita ere Markina-Xemeingo Udalak: “Markina-Xemeingo Udalaren izenean, eskerrik asko egunotan bilaketan lagundu duten herritar eta boluntario guztiei, eta baita operatiboan parte hartu duten profesionalei ere”.