Garazi Navarro Ugarteburu amorotarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketari ekingo dio
Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko da Igorren zapatuan [urriak 9]. Saiorako sarrerak eskuragarri daude Bertsosarrerak atarian.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko da Igorren zapatuan [urriak 9], eta saio horretan kantatuko duten sei bertsolarien artean egongo da Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra. Beragaz batera Igorreko oholtzara aterako diren beste bost bertsolariak Ander Uzelai Aristi (Artzentales), Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango), Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo), Julen Arzanegi Erezuma (Gernika-Lumo) eta Mikel Goiriena Larrazabal (Mungia) izango dira.
Bigarren kanporaketa, Igorreko Lasarte aretoan izango da 17:00etatik aurrera. Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Gaiak Leioako Beñat Vidal Gurrutxagak jarriko ditu. Epaimahaia, berriz, Ainhoa Arregi Elosuak, Garazi Mendoza Agirrek, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Leire Etxebarria Gazteluk eta Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarrak osatuko dute.
Bertsolariek egin beharreko lanak ondorengoak izango dira:
- Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso
- Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso
- Puntua emanda bertso bi zortziko txikian
- Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso
- Bakarkako lana: gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean
Sarrerak, ohi modura, eskuragarri daude Bertsosarrerak atarian.