Mendexako udal egutegia osatzeko argazkiak proposatu daitezke
2022ko egutegian Mendexako eraikinak eta elementu arkitektonikoak izango dira protagonista. Urriaren 30a da argazkiak aurkezteko azken eguna.
Leixarra Elkarteak eta Mendexako Udalak antolatu dute udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Argazkilari profesionalak ez direnei zuzenduta dago, eta urriaren 30a da argazkiak aurkezteko azken eguna; leixarraelkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira.
Mendexako eraikinek eta elementu arkitektonikoek osatuko dute 2022ko udal egutegia. Lehiaketara aurkezten diren argazkiak aurretik argitaratu gabekoak izan behar dute, eta gehienez ere hiru argazki bidali daitezke. Eraikina edo elementu arkitektonikoa nongoa den argi ez badago, non dauden zehazteko eskatu dute antolatzaileek. Argazkiek izenburua eduki behar dute, eta JPG formatukoak (10x12in/3.000×3.600 px) izan behar dira.
Egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzeko azaroan elkartuko dira epaimahaikideak, eta Mendexako Udalaren webgunean argitaratuko dute euren erabakia. Abenduaren 25ean banatuko dituzte sariak, Leixarra Elkarteak urtero antolatu ohi duen argazki zaharren erakusketan. 100 eurokoa da lehen saria, 80 eurokoa bigarrena eta 50 eurokoa hirugarrena.
Epaimahaiak argazki batzuk onartu gabe utzi ditzake zalantzazko egiletza daukatela uste izanez gero, bai eta pertsonen duintasunaren kontra egiten badute edota beste lan batzuen plagiotzat hartuz gero ere. Argazkiak Mendexako Udalaren kultur ondare izango direla gogora ekarri dute, “argazkiak erakusteko zein kopiak egiteko eskubidea edukiko du”.