Mutrikun eta Lea-Artibaiko ia herri gehienetan itzalaldiagaz bat egitera deitu dute
Herri batzuetan udalek egin dute deialdia, beste batzuetan EH Bilduk, eta zenbait herritan herriko talde eragileak ere deialdira batu dira. Barikuan 22:00etatik 22:30era dago deituta itzalaldia.
Argindarraren prezioaren etengabeko gorakada dela eta, barikurako [urriak 8] itzalaldi elektrikoa dago deituta Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian; itzalaldia 22:00etatik 22:30era dago deituta. Eta Mutrikun eta Lea-Artibaiko ia herri guztietan protestagaz bat egiteko deialdiak egin dira, bide desberdinetatik. Zehatz esateko, Lea-Artibai osatzen duten hamabi herrietatik zortzitan egin dituzte ekimenarekin bat egiteko deialdiak.
Herri batzuetako udalek energia burujabetzaren aldeko mozioa onartu eta itzalaldia egingo den ordu tartean (22:00-22:30) burrunbada egitera deitu dituzte herritarrak. Beste herri batzuetan deialdia EH Bilduk egin du, eta Ziortza-Bolibarren eta Mutrikun udalek egindako deialdiaz gain herriko talde eragileek ere ekimenagaz parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Ziortza-Bolibarren, gainera, Iberdrola utzi eta argi kontratazioa Goienerrekin egitera animatu dituzte herritarrak.
- Aulesti: Udalak egin du deialdia. Mozioa onartu dute eta burrunbadagaz bat egitera animatu dituzte herritarrak.
- Berriatua: Udalak egin du deialdia. Mozioa onartu dute eta burrunbadagaz bat egitera animatu dituzte herritarrak.
- Etxebarria: EH Bilduk ekimenagaz bat egin du, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte.
- Lekeitio: Mozioa eguenean [urriak 7] 20:00etan egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko da. EH Bilduk itzalaldiagaz eta burrunbadagaz bat egitera deitu du.
- Markina-Xemein: EH Bilduk egin du deialdia, eta 22:00etatik 22:30era Kontzekupean batu eta burrunbada egiteko deialdia egin dute.
- Munitibar: Mozioa aho batez onartu du udalak, eta herritarrak itzalaldia egin eta burrunbada egitera animatu dituzte.
- Mutriku: EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta haien aldeko botoekin onartu zen. Herriko beste 21 eragilek ere ekimenagaz bat egin dute: LAB, Sare, Mutrikun Arraun Taldea, Mutriku Futbol Taldea, Mutrikuko Natur Taldea, Mutrikuko pentsiodunak, Mutriku Sokatira Taldea, Bertan elkartea, EMA, MUBAE, Gure Ametsa dantza taldea, Bertso taldea, Burumendi mendi taldea, Erraldoien konpartsa, Kalaputxi, Zine Forum taldea, MRK, Zubixa Libre, EH Bildu, Sortu eta Goizeko Izarra antzerki taldea.
- Ondarroa: EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozioa, eta herritarrak burrunbada egitera animatu dituzte.
- Ziortza-Bolibar: Udalak mozioa onartu du, eta udalagaz batera, ondoko herriko elkarteek ere itzalaldia egin eta ordu tarte horretan burrunbada egiteko deialdia egin dute: Aranbaltz kultur elkartea, Markola guraso elkartea eta jubilatuen elkartea. 22:00etan elizaren alboan batuko dira kazola jotzea egiteko.
Deitzaileak. Itzalaldi elektrikoaren deialdia ondokoek egin dute: EH Bildu, ERC, Junts X Cat, PDeCat, Crida Nacional, CUP, BNG, Demòcrates, Esquerra Valenciana eta MÉS per Mallorca.