Argindarraren prezioa salatzeko aldarriak Lea-Artibai eta Mutriku hartu ditu
Barikurako [urriak 8] deituta zegoen itzalaldia, eta asko edo gutxi izan, ia herri guztietan eduki zuen eragina.
Argindarraren prezioaren etengabeko gorakada dela eta, itzalaldi elektrikoa deitu zuten barikurako [urriak 8], 22:00etatik 22:30era, Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian. Deialdia zenbait alderdi politikok egin zuten, tartean EH Bilduk. Eta horregaz bat egin zutenak ez ziren gutxi izan. Azken finean, asko edo gutxi izan, Mutrikun eta Lea-Artibaiko ia herri guztietan egon zen protestarekin bat egin zuenik.
Ziortza-Bolibarren eta Markina-Xemeinen, gainera, herritarrak kalera atera ziren burrunbada egitera. Ziortza-bolibartarrek HITZAri azaldu diotenez, protestarekin bat egin eta herri osoa iluntasunean murgildu zen 22:00etatik 22:30era. 35 lagun inguru batu ziren kalean, eta herriko tabernak ere argiak itzali zituen. Markina-Xemeinen Kontzekupean batu ziren herritar batzuk, eta han egin zuten burrunbada.
Ondarroan eta Lekeition, besteak beste, kale batzuetako argiak ere itzali egin zituzten.