MX3Tko hiru bolari, Euskal Herriko txapelketako lehen postuetan
Zapatuan [urriak 16] hasi zen Euskal Herriko 31. Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa Argiñetan. Soraluzeko San Andres taldeko Jose Gabriel Nuñezek bota zituen txirlo gehien.
Bola jokorako gogoa bazegoela argi geratu zen zapatuan [urriak 16] Elorrioko Argiñetan hasi zen 31. Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketan. Parte hartze handiagaz hasi da norgehiagoka. Guztira, 73 bolarik parte hartu zuten txapelketako lehen jardunaldian, tartean Markina Xemeingo Hiru Txirlo Taldeko (MX3T) 27 bolari aritu ziren, eta horietatik hiru sailkapen orokorreko lehen seiren artean geratu ziren, bakoitzak sei txirlo botata.
Zortzi txirlogaz, Soraluzeko San Andres taldeko Jose Gabriel Nuñez jarri da txapelketaren buruan. Bigarren, Eibarko Asola Berriko Bittor Rodriguez geratu zen, 6 txirlo botata. Txirlo kopuru bera bota zuten MX3Tko Jon Aransolok, Jose Angel Fernandezek eta Oier Azumendik, eta hirugarren, laugarren eta bosgarren postuetan geratu ziren hurrenez hurren. Seigarrena, berriz, 5 txirlogaz, Eibarko Asola Berri taldeko Sergio Rodriguez izan zen.
Taldeka Eibarko Asola Berri A (Bittor Adtigarraga-Bittor Ugarteburu-Olaitz Rodrigez-Sergio Rodrigez-Alex Campos) doa sailkapenaren buruan 17 txirlogaz, eta bikoteka Markina-Xemeingo MX3T taldeko Jon Aransolo eta Jose Angel Fernandez, 12 txirlogaz.
Eguraldi ona eta giro ederra izan zituzten lagun bolariek lehen saioan. Pena bakarra Elorrioko inor gerturatu ez izana izan dela azaldu du Mikel Urkia Zuloaga Euskal Herriko hiru txirlo bola joko modalitatearen lehendakariak. “Argiñetan dagoen bolatoki ederra ikusita txapelketa bertara eramatea pentsatu genuen hiru txirlo bola jokoa bertakoengana hurreratzeko, baina ez zen inor etorri”.
Txapelketako bigarren jaurtiketa Soraluzeko San Andres auzoko bolatokian jokatuko da. Zapatuan [urriak 23] izango da hitzordua, 17:00etan.