Udalerri euskaldunetako bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute hiru finantza erakundek
Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak esan du hitzarmena sinatu duten hiru finantza erakundeen jarrera "eredugarria" dela.
Udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera, finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur [urriak 20] Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoa ABANCAk. Sinatzaileek hizkuntza irizpideak adostu dituzte Uemarekin, eta, ondorioz, hiru finantza erakundeek udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute.
2016an Kutxabankek eta Laboral Kutxak lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Uemarekin, eta 30 udalek bat egin hitzarmenarekin. Bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA ere gehitu da hitzarmenera, hiru finantza erakundeek bulegoak dituzten 44 herrietako udalekin batera.
Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak eskerrak eman dizkie sinatzaileei, ekimenaren garrantzia ulertzeagatik eta hitzarmenarekin bat egiteagatik. “Gaur Uemarekin eta 44 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute. Beraz, jarrera eredugarria dute, zalantzarik gabe”.