Añanako Gatz Haranera joango dira Markina-Xemeingo Beti Jai elkartekoak
Bazkaria eta Gasteiz ezagutzeko bisita gidatua ere edukiko dituzte. Urriaren 26a da izena emateko azken eguna.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak udazkeneko bidaia antolatu du Gasteiz eta Añanako Gatz Haranera. Urriaren 29an egingo dute irteera, eta bisita gidatua eta bazkaria ere egingo dituzte.
Autobusa 08: 30ean irtengo da herriko geltokitik, eta lehenengo geldialdia Añanako Gatz Haranean egingo dute, ordubete inguru. Eta ondoren, Gasteizko jatetxe batera joango dira bazkaltzera. Edukiko duten menua ere ezagutzera eman dute: urdaiazpiko eta gaztaz betetako xaflak pikillo saltsan, haragia eta arraina, ogia, ur minerala eta ardoa, eta postre modura txokolate bero ukitua duen goxua tarta, kafea edo infusioa.
Arratsaldean, berriz, Gasteiz ezagutzeko bisita gidatua edukiko dute Gasteizko alde zaharrean zehar, eta ondoren denbora librea. Azaldu dutenez, 19:00ak aldera itzuliko dira Markina-Xemeinera.
Bidaian parte hartu ahal izateko izena eman behar da aldez aurretik, 16:00etatik 18:00etara Beti Jai elkartearen lokalean. Izena emateko azken eguna urriaren 26a izango da.