Emozioa pizten hasi da Markina-Xemeingo Elorrioren II. Memorialean
Txapelketan aurrera egingo duten gazte eta nagusien mailako bikoteak erabakitzen hasiko dira asteburuan. Barikuan [urriak 22] jokatuko dira partidak.
Victor Bereikua Elorrio puntista ezagunaren omenezko bigarren zesta-punta txapelketa erdi aldera iristen ari da. Hirugarren norgehiagoka jokatuko dute asteburu honetan gazte eta nagusien mailetako bikote guztiek, eta horietatik norgehiagokan aurrera egingo dutenak erabakita geratuko dira. Bestalde, beste norgehiagoka batzuk tarteko, elite mailako lehia atzerapenagaz doala azaldu du Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako arduradunak. “Elitekoek partida bakarra jokatu ahal izan dute oraindik”, azaldu du.
Irailaren 10ean hasi zen jokoan Elorrioren II. Memoriala, eta eta finalak Gabonetan, Errege Egunaren bueltan, izango dira. Kategoria bakoitza bi multzotan banatu dute, eta bakoitzean lau bikote ari dira jokoan. Oraingoz ligaxka jokatzen ari dira denak denen kontra, multzo bakoitzeko pilotarien artean, eta elkarren kontrako hiru partidak jokatu ondoren talde bakoitzetik lehen gelditzen dena, beste taldearen bigarrenagaz neurtuko da. Asteburu hau, beraz, erabakiorra izango da gazte eta nagusien mailetako bikoteentzat.
Gazte mailan, esaterako, Arratibel eta Argoitia eta Teresa eta San Jose neurtuko dira barikuan [urriak 22]. A multzoko lau bikoteentzako ligaxkako hirugarren eta azken partida izango da. Arratibelek eta Argoitiak bi partida jokatu dituzte oraingoz eta biak irabazi, beraz, oraingoan ere garaipena eskuratuz gero multzoko buruan jarriko lirateke. Arrasate eta Cabanillas hiru partidak jokatuta daude momentuz aurrean, bi partida irabazi eta bat galdu dute. B multzoan, berriz, Egañak eta Odriozolak daukate puntu gehien, eta Ekaitz eta Ander, partidu guztiak galduta, txapelketatik kanpo geratuko dira.
Nagusien mailari dagokionez, A multzoko Eñautek eta Andonegik eta Zuhaitzek eta Paulek daukate aurrera egiteko aukera gehien oraingoz. Bikote biak hiru partidak jokatuta dituzte eta bi irabazi. Hala ere, Eñautek eta Andonegik dituzte aldeko puntu gehiago. Zelaiari eta Undari partida bat geratzen zaie jokatzeko, eta beraz, azkena irabaziz gero, aurrera egiteko aukerak badituzte. B multzoan, berriz, Arakis eta Atain II. ia-ia hurrengo fasean daude; hiru partidak jokatuta, bi irabazi dituzte eta 88 puntu dituzte aldeko. Gonzalori eta Daneli partida bat geratzen zaie jokatzeko. Jokatu dituzten partida biak irabazi dituzte eta beraz, txapelketan aurrera egingo duten bi bikoteen artean daude, beste bikote biek partida bakarra irabazi dute-eta edo bat ere ez.
Bariku honetan [urriak 22] jokatuko diren memorialeko partidak honako hauek izango dira:
- Nagusiak: Arakis-Atain II/Zelaia-Elkoro II
- Gazteak: Arratibel-Argoitia/Teresa-San Jose
- Elite: Leke-Del Rio/Antxon-Uranga
- Elite: Arbe-Lekue/Alex-Zabala