Ondarroako Erribera kaleko behegaina aldatuko dute, "irisgarria izateko"
Behegaina aldatzeko erabakia Karenka elkartearekin egindako lanketatik sortu dela diote. Udalaren asmoa da azaroan lanekin hastea. Antiguara joateko bide zaharra ere asfaltatu egingo dute.
Ondarroako Udalak esan duenez, Zubi Barriko bidegurutzetik hasi eta Nasa kalea hasi arteko tartean (Erribera kalea) gaur egun dagoen behegaina kendu eta Nasa kalean dagoen berdina ipiniko da. Azaldu dutenez, orain dagoen behegaina ez da irisgarria. “Gaur egun dagoen adokinak arazo asko ematen dizkie mugikortasun arazoak dituztenei edota erosketako orgatxoagaz edo umeen kotxeekin doazenei. Nasa kaleko behegainak ondo funtzionatu duela ikusita, Erriberan ere asfalto inprimatu hori jartzea erabaki da”, azaldu du Eneritz Basurko Pagoaga Hirigintza zinegotziak.
Esan dute irisgarritasunari buruzko lanketak Karenka elkartearekin batera egiten dituztela. “Funtsezkoa dira eurekin batera egindako lanketak, beraiek baitira lehen eskutik arazo ezberdinak bizi dituztenak herriko kaleetan”. Lanak pare bat astetan egitea aurreikusten dute, baina esan dute eguraldiak baldintzatuko dituela; udalaren asmoa da azaroan lanekin hastea. Dena dela, esan dute data zehatzak dituztenean jakinaraziko dutela. Izan ere, lanek zirkulazioan ere eragingo dute.
Antiguarako bidea. Bestalde, Antiguara joateko bide zaharraren azken zatia ere asfalatu egingo dutela esan dute (Buenos Aires baserrirako bidea). “Euri jasa handiak dauden egunetan bide horretatik harri eta zikinkeria asko jaisten da. Ondorioz, askotan Pixape, Txomin Agirre eta Goiko Kaleko estolderia blokeatu egiten da”. Asfaltatuko den eremua bere garaian auzolanean hobetu zen harrizko bidea amaitzen den lekutik tontorrerainokoa dela zehaztu dute. Helburua euri uren sarea babestea dela diote. “Hori konpontzeko hormigoi eskobatua botako da, beherantz datorren ura kanalizazioetara bideratuz eta kalean behera joatea saihestuz”.